1949ean Eusko Ikaskuntzaren ekimenez sortu zen Euskararen Nazioarteko Eguna. Gaur egun, egun hori garrantzitsutzat daukagu. Zergatik?
Euskara normalizazio prozesu batean dagoelako eta prozesu honek honelako egun asko eskatzen dituelako. Hain zuzen ere hortik dator guk eratu nahi dugun kanpainaren leloa; izan ere, euskarak egunero behar du ‘Euskararen Eguna’ izatea. Baina abenduaren 3ko egun erreferentzial batek ez dio inongo kalterik egiten, alderantziz alegia. Egun honek normalizazio prozesu hori mahai gainean jartzen du eta hau da gaur egun mantentzearen arrazoia.
Euskararen eguna garrantzitsua da, baita bestelako egunak ere, ezta?
Ez nuke hierarkiarik ezarriko, baina egia da hurrengo eta aurreko egunak oso garrantzitsuak direla. Gure hiztun komunitatea berez txikia izanda, hainbat esparrutan gutxitu egin da. Honek hizkuntzarekiko etengabeko arreta edukitzea eskatzen du eta honen aldeko pauso txikiak ematea beharrezkoa da eta euskaltzale garen heinean hau da egin behar dena.
‘Euskarak 365 egun’ kanpaina abiatu duzue Topagunetik. Nola egingo duzue hainbat herri eta hirietan egiten diren jarduerak koordinatzeko?
Aurreko urteetan egin genituen honelako jarduerak, hala ere aurten hainbat berriak dira. Topagunean hainbat bazkide gaude, 95 inguru. Kanpaina elkarte guztiei proposatu genien eta nahi izan dutenek kanpainia honetara gehitu dira. Kanpainak hainbat tresna komunikatibo ditu: webgunea, banner-ak, leloa, pankartak... kanpainara batu diren elkarteen esku, eta elkarte hauek, euren herri edo hirietan nahi dituzten jarduerak antolatu ditzakete. Hori zen, hain zuzen, ere lortu nahi genuena kanpaina honen bitartez, herriek euren erara ekimen propioak sustatzea nahi duten moduan eta nahi dutenean eta alegia, badirudi funtzionatu duela, hainbat herri eta elkarte batu direlako eta jarduera oso ezberdinak ari direlako antolatzen hainbat egunetan zehar.
Beraz, bananduta dauden jarduera horiek, mezu baten baitan biltzen dituzue eta honela indartu egiten dituzue?
Bai, guzti hau biltzen duen mezua edo leloa esanguratsua dela uste dut ‘Euskarak 365 Egun’, gainera beste bi azpilelo ditu; “nonahi, noiznahi, orain eta hemen” eta bigarrena “Geu izateko, euskararen herrian”. Hainbat herriko hainbat aldizkarik editorial bateratua egingo dute, kartelak egingo dira, argazkiak... guzti hauek kanpainako webgunera igoko dira eta ikusiko da. Honela, ikusiko da euskaraz bizi garela urteko 365 egunak.
Araban, esaterako, zeintzuk dira egun hauetan egingo diren jarduerak?
Arabar Errioxan, hainbat egun daramatzate jada argazkiak ateratzen eta hurrengo egunetan jarraitzeko asmoa dute. Izarran ere, Lan eta Jolas elkartea dinamika itzelarekin ari da ekintzak antolatzen. Gasteizera ekarrita, GEU elkarteak, Gasteizeko Zabalgana, Salburua, Lakua eta beste zenbait auzoko elkarteekin batera, hainbat ekitaldi antolatu dituzte; magia ikuskizunak, kultur ikuskizunak, pintxopote euskalduna, bertso afariak etab. Ekimen hauei esker, kanpaina eta leloa zabaltzen saiatuko gara, kartelak jarriz, taberna eta dendetatik komentatuz, argazkiak ateraz...
Nondik has gaitezke euskaraz bizitzeko baldintzak sortzeko?
Koldo Mitxelenak esan zuen, euskararen benetako misterioa ez dela nondik datorren, baizik eta nola iraun duen gaur arte. Guk uste dugu iraupen honen gakoetako bat hiztun komunitatea dela. Mendez mende, euskal hiztun komunitateak saiakera handia egin du euskarari eusteko eta gaur egun ere halaxe da. Datuei begiratuz, arraroa da honelako hizkuntza gutxitu batek bizirik irautea. Euskararen sekretua beraz, euskaldunon antolaketa da; ikastolak, euskal komunikabideak, herri ekimenak, kultur ekitaldiak... sortu ditugu euskararen alde gure egoeraz jabetuta. Euskaldunok, elkarlanean, gure tresna propioak sortu ditugu hizkuntzaren alde. Honek ahalbidetu du euskara oraindik bizirik egotea.
Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3a, baina euskararen eguna egunero ospatu beharreko eguna da, izan ere, euskarak 365 egun ditu. L