‘Euskarak 365 Egun’ ekimenaren bidez euskaltzaleei plazara ateratzeko deia egin nahi izan dute antolatzaileek. Izan ere, euskararen normalizazioan euskaltzaleek egindako lanaren aldarrikapena egin nahi du Topaguneak eta etorkizunean ere, hizkuntzaren normalizazioari bultzada berri bat emateko deia egin die euskaltzaleei, bakoitzak bere lekutik (euskaltzale elkarteetatik, bestelako gizarte mugimendutatik, erakundetatik edo enpresatatik) euskaraz bizitzeko aukerak sortzen jarraitzeko deia.
Ekimenaren izaera herritarra azpimarratu du Jasone Mendizabalek. “Euskarak 365 Egun” ekimenaren kimua Durangoko Berbaro taldeak erein zuen 2011ko abenduan. Berbaro elkarteko zuzendari Maite Berriozabalek gogora ekarri du zerk bultzatu zituen Durangoko euskaltzaleak ekimena martxan jartzera: euskaltzaleek urte osoan egindako lanaren aitortza egin nahi zutela aipatu du Berriozabalek eta abenduaren 3a lan hori kaleratu eta areagotzeko baliatu nahi izan zutela. Ekimena Euskal Herri osora zabaltzeko proposamena begi onez ikusi dute Euskal Herriko hainbat euskaltzale elkartek eta Berbaro taldearentzat pozgarria izan da Durangon hasitakoa Euskal Herriko txoko ezberdinetara hedatzea.
Ekitaldi guztien berri 365egun.eu webgunean bertan jaso ahal izango da.
‘Euskarak 365 egun’ ekimena Gasteizen
‘Euskarak 365 Egun’ lemarekin ekimen ugari bilduko dituen kanpaina abiatu dute Topagunea osatzen duten euskaltzaleen elkarteek. Abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatutako ekimena Euskaltzaleen Topagunean biltzen diren herri eta eskualdetako 36 euskaltzale elkartek antolatu dutela azaldu du Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak.