13.500 bertsozale, zortzi finalista eta txapela nagusi bakarra

hirinet 2013ko abenduaren 4a

BTN_Finalistak_BECLau urtez itxaroten egon ostean, jakin badakigu, BEC bor-bor egongo dela Bertsolari Txapelketa Nagusiaren azken txanpan. Abenduaren 15ean, igandean, ospatzekoa da XVI. edizioaren finala eta dagoeneko, sarrera guztiak agortuta daude. Guztira, 13.500 entzuleentzako lekua izango da.

Irailaren 29an hasi zen Bertsolari Txapelketa Nagusiaren XVI. edizioa. 43 bertsolarik hartu dute parte eta kanporaketa eta finalaurrekoetako 13 saiotan egin dute finalerako bidea. Abenduaren 15ean zortzi bertsolarik kantatuko dute finalean, goiz eta arratsaldez. Goizean 11.00etan hasiko da saioa eta arratsaldean 16.00etan.


Zortzi finalistak honako hauek dira: Maialen Lujanbio egungo txapelduna, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga.


Urtetan egin duen lan etengabe eta isilaren esker onez, Joanito Dorronsorok jantziko dio txapela Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapeldunari. Ataundarra sortzez, Zumaian bizi da apalditik Dorronsoro eta, besteak beste, harena da bertso doinutegia egitasmo erraldoia.


Finalera joateko Euskal Herri osotik autobus zerbitzua prestatu du Bertsozale Elkarteak. 2.750 bertsozalek baliatuko dute aukera hori BECera hurbiltzeko. Autobusen geltokiak eta ordutegiak www.bertsozale.com webgunean argitaratuko dira.

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago