Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, Ertzaintzak genero indarkeriagatik mehatxatutako 4.746 emakumeri ematen die "babes aktiboa", genero-indarkeriako edo etxeko indarkeriako egoerei aurre egiteko. Araban 575 emakumeri, hain zuzen. Izan ere, kopurua handitu egin da azkeneko urteetan. 2002. urtetik, Ertzaintzak ekintza prozedura bat arautua du emakumeen kontrako tratu txarrei aurre egiteko.
Gasteizen, Udaleko gizarte zerbitzuek emandako datuen araberan lehen aldiz indarkeriaren biktima izan diren 193 emakumek jaso dute arreta. Iaz kopuruak gorantz jo zuen, 231 kasu berri zenbatu baitziren Aurten, ordea, jaitsi egin da. Aurten lehen aldiz arreta eman zaien emakumeen batez besteko adina 35,5 urte da (iaz 38,4), % 53,4k nazionalitate espainiarra dute, % 48,3k tratu txar emozional/psikologikoak jaso dituzte, eta % 42,6k tratu txar fisikoak.
Gizarte Gaien Sailaren bitartez, Udalak genero indarkeriarekin lotutako arazoak dituzten 535 emakumeri ematen die arreta. Gasteizen eta Araban genero indarkeriaren biktimei arreta emateko hainbat programa dago, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak antolatutakoak. Arreta psikologikoa emateko programetatik 679 pertsona igaro dira aurten. Emakumeei laguntza juridikoa emateko programan 119 eskaerari erantzun zaie eta 23 izan dira urtean zehar GPS Atenpro programa erabili dituztenak. Horrekin batera, erasotzaileei arreta emateko programa bat ere badago eta aurten 39 gizonekin jardun da.
Gasteizko Plataforma feministaren ‘Ez dugu ausartak izateko beharra sentitu nahi, libre izan nahi dugu!’ gutuna
Gaur, azaroak 25 Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da, hori dela eta, manifestazioa izango da Gasteizen, 19.30ean Andra Mari Zuriaren enparantzan.