Gure burua defendatzeko beharra dugu, hitz egiteko premia daukagu eta biktima izateari uko egiten diogu. Gure gorputzak gatibu antzematen ditugu eta askatzeko prest dauzkagu.
Gaur, azaroak 25, enpresa farmazeutikoek, erlijioek, estatuak, komunikabideek, heteropatraiarkatuak eta publizitateak kolonizatutako gure gorputza berreskuratzen dugu eta munduari aditzera ematen diogu askeak garela gure eskubideak defendatu eta euren alde borrokatzen garenean.
Hori dela eta arbuiatzen ditugu gure gorputzaren kontrako edozein eraso eta edozein jabetze, gauza bihurtzea, objektibizazioa, salerosketa, bortxazko erabilera, ebaketa, mesprezua , ikustezintasuna...
Ez dugu ausartak izateko beharra sentitu nahi, libre izan nahi dugu!
Kalean zehar nabilenean
Nire haurdunaldia etetea nire erabakia denean
Nire sexualitatea modu librean bizi dudanean
Nire buruarekin gustura egoteko gizonen begirada behar ez dudanean
Gizartearen baliabideak eskuragarri izatea aldarrikatzen dudanean
Eraso sexual bati aurre egiten diodanean
Komisaldegian torturak jasan izana salatzen dudanean
Eraso sexualak salatzen ditudanean
Derrigorrezkoa eta emakume guztientzat izan behar den amatasunari uko egiten diodanean
Ama izatea erabakitzen dudanean
Independiente izatea deliberatzen dudanean
Nire intimitatea defendatzen dudanean
Nire osasunerako beharrezkoa den arreta eskatzen dudanean
Berdintasunean hezitzea aldarrikatzen dudanean
Nire ideia politikoak gauzatu eta adierazten ditudanean
Nire bizitza bete-betean gara dadin eskatzen dudanean, pobrezia eta marjinazioa jasan gabe, eta bizirauteko lan eskasak eta ezkutuko ekonomiaren menpean lan egin gabe.
Gorputza gure lurraldea da, gure mapa, gure boterea, gure nortasuna, gure babesa, gure plazera, gure historia...
Hau da emakume askoren historia: jatorri eta egoera ezberdineko emakumeak, prestakuntzarekin edo prestakuntzarik gabe, sinesmen eta ideologia ezberdinekoak, denon historia: etorkinak, transexualak, lesbianak, ahalmen urriko emakumeak, nagusiak eta gazteak....Denok pairatzen dugu indarkeria; ezin dugu ahaztu emakume asko bere borondatearen kontra bada ere, ezin direla hemen egon. Hala ere, berdin-berdin eskatzen dute zeren gaur eta hemen ez baikaude guztiok: Aurten Euskal Herrian hil dituzten emakumeak falta dira , bere herritik eta bere lagun eta senideengandik urruti dauden sakabanatutako presoak falta dira baita bere etxean izuturik bizi direnak ere... Nora, orain dela bost urte gure hirian desagertu zena , falta da. Non dago Nora?
Ez dugu ausartak izateko beharra sentitu nahi, libre izan nahi dugu!
Elkar gaitezen, emakume-sareak sor ditzagun; gure elkartasunak, gure autodefentsa antolatuak indarkeria sexistatik askatuko gaitu...
Feminismoak aske egiten gaitu.
Gasteizko Plataforma feminista
Emakumeok indarkeria fisiko, sexual, psikologiko, ekonomiko, sozial, sinboliko eta hitzezkoaren menpean bizi gara. Emakumeen aurkako indarkeria babestutako, normalizatutako eta instituzionalizatutako indarkeria da.