Munduan 7.000 milioi pertsona baino gehiago gara, eta 7.000 hizkuntza hitz egiten dira. Batzuk hizkuntza handiak dira, etorkizunaren beldurrik gabe bizi direnak; beste batzuk, berriz, txikiak, oraina ere arriskuan ikusten dutenak..0tik 10erako rankinga egingo bagenu, 10ean txinera legokeela kontuan hartuta, hau da, munduan gehien hitz egiten den hizkuntza, eta 0an, berriz, azken hiztuna galdu berri duen hizkuntza bat, euskara 9. postutik gora kokatuko genuke. Izan ere, Ethnologue erakundearen arabera, 400 hizkuntza daude munduan 1.000.000 hiztunetik gorakoak, eta euskara da horietako bat. Beraz, esan genezake euskara munduan hiztun gehien dituzten hizkuntzen %10ean dagoela.
Zer moduzko harrera izan zenuen Gasteizen emandako hitzaldia?
Gasteizen beti harrera beroa jaso izan dut eta egia esan oso gustura etortzen naiz. Gainera iruditzen zait natorren aldi bakoitzean euskararen aldetik aurrerapausoa sumatzen dudala. Nik oso gogoan daukat orain dela 30 bat urte Gasteizera ikastera etorri nintzenean, gasteiztarren artean euskara zekien jende gutxi zegoela, esaterako Kepa Mendia edo bertso-eskolakoak. Oso jende gutxik hitz egiten zuen. Niretzat poz bat da, eta datu bat ere bada, urtetik urtera euskararen presentzia badijoala. Seguru asko ez guk nahi genukeen abiadan, baina badijoa.
Besteak beste, aurrerapausoa da aurten Radio Vitorian estreinatu dugun euskarazko HirinetFM irratsaio hau…
Bai, noski eta hori nabaria da. Aurrekoan Hirineten urteurrenean Andra Mari Zuriaren enparantzan hitzaldia ematera etorri nintzenean txundituta geratu nintzen, ostiral arratsalde bat zen, eguraldi oso ona egiten zuen eta hala ere, bertan 200 bat lagun elkartu ziren euskararen inguruko hitzaldi bat entzutera. Nik uste horiek sintomak baina zerbait gehiago direla edo nolabait aurrera doan prozesu baten sintoma baikorrak direla.
Beraz, azken urte hauetan gauzak asko aldatu direla esan daiteke, ezta?
Aldatu dira ikaragarri. Batzuetan ez gara kontziente, gu egoeraren barruan gaudelako. Nik beti esaten dut 15 urte nituenean, Tolosako gazteen artean sekula santan inoiz ez genuela akatsik egiten euskaraz hitz egiterakoan, denak beti erdaraz ari ginelako. Orduan hori da gure abiapuntua; Tolosa bezalako herri batean zeroa ezagutu genuen eta ia-ia zerotik abiatu zen gure hizkuntza komunitatea orain dela 50 urte eta orduan bai oso egoera larrian geunden. Nik uste dut beraz, prozesu horren kontzientzia hartzea oso garrantzitsua dela; zertan asmatu dugun eta zertan ez dugun asmatu horretan kontziente izatea. Horrez gain, garbi izan behar dugu oraindik zenbateko bidea daukagun aurretik egiteko baina baita ere, lehen aipatu den tamainaren kontu horri dagokionez, kontuan hartu behar dugu euskal hizkuntza komunitatea mundu mailan erreferentea dela, batez ere, gizarte mailan euskararekiko duen atxikimenduarengatik eta egin duen esfortzuarengatik.
Hala ere, guk beti gure burua ikusten dugu txiki. Zergatik?
Batetik, hizkuntza-komunitate handi eta erraldoiez inguratuta gaude; gaztelania, frantsesa eta ingelesa, esaterako. Hauek dira munduan dauden hizkuntzarik handienetarikoak eta presio hori nabarmena da. Presio honen inguruan zure burua txiki ikusten duzu. Bestetik, euskararen kontrako oso politiko gogorra eraman dira, bai estatu frantsesaren zein estatu espainolaren aldetik. Horrek ere gure mentalitateetan sekulako marka utzi du batez ere XX. mendean. Gero, euskaldunok ere gure burua beste hauen ondoan txikitxo ikusi dugu eta gainera sinetsi egin dugu, umorerik edo bestelakorik ez dugula sinetsi egin dugun moduan.
Horri aurre egin behar diogu. Jakin behar dugu zein den gure neurria. Gu ez gara handiak, baina ez gara txiki-txikiak.
Zertan ezberdintzen dira XIX. Eta XX. mendeko euskaldunak?
Eta XXI.mendekoak, ezta? Kontuan izan behar dugu azkeneko 40 bat urteetan inoiz gertatu ez diren fenomenoak jazo direla; batetik, denok ulertzeko moduko hizkera bat daukagu, euskara batua, alegia. Hori ez da inoiz gertatu gure historian, lehenengo aldiz euskara komun bat daukagu. Lehenengo aldiz gazte euskaldun gehienak jatorriz erdaldunak dira eta hori lehenengo aldiz gertatzen da gure historian eta esango nuke hori lehenengo aldiz gertatzen dela gutxienez Europako hizkuntza minorizatuen historian, alegia, hizkuntza minorizatu horretako hiztun gazte gehienen gurasoak erdaldunak izatea. Baina gainera gertatzen da gaur egun euskaldun gazte eta alfabetatua izatea sinonimoak direla. Eta gainera lehenengo aldiz gertatzen da badirela gazte batzuk euskaraz idazten hobeto moldatzen direnak hitz egiten baino eta lehenengo aldiz gazte gehienak hobeto moldatzen dira hizkera formalean informalean baino. Lehenengo aldiz unibertsitatetik pasatako gazte multzo ‘majo’ bat daukagu, euskaraz oso ongi preparatua dagoena eta euskaraz hobeto moldatzen dela erdaraz baino.
Horrekin bateran, lehenengo aldiz gure historian gizartearen gehiengoa euskararen aldeko koodernadetan kokatzen da eta autokontzientzia sakon eta sendo bat daukagu hizkuntza komunitate gisa. Hauek guztia, besteak beste; beste gehiago atera litezke baina gure hizkuntza-komunitatearen ezaugarrietan sakoneko aldaketak gertatu dira azkeneko 50 urteetan.
Etorkizunari begira, gazteak, eta gizartea oro har, zer espero dugu? Zer dago gure esku?
Etorkizunari begira bi faktore nagusik joan behar dute eskuz-esku. Gizartearen gehiengoaren aldetik atxikimendu sozial hori bizirik eta sendo mantendu behar dugu, lortu behar dugu hizkuntza transmisioa bermatzea belaunalditik belaunaldira, lortu behar dugu euskara erabilera hizkuntza ohikoa izatea ahalik eta esparrurik gehienetan eta horretarako ezinbestean botere politikoaren eta administrazioaren sostengua behar da. Nire ustez faktore hauek dira aurrerantzean oso aintzat hartu beharko direnak baina batez ere, atxikimendu soziala eta hizkuntzaren aldeko kontzientzia sendotu eta landu behar direla. Horiek baldin baditugu, besteak ere etorriko dira.
Beste alde batetik, gauza bat garrantzitsua da oso; beldurrak eta konplexuak galdu behar ditugu. Askotan euskaraz egiteko beldur asko dago eta lehenengo gauza horiek astindu egin behar dira eta jendea animatu behar dugu daukan mailatik hitz egiteko, dakiena erabiltzen eta hori konpartitzen. Eta batez ere hizkuntzarekin gozatzen eta ez beti boli gorriaren beldur ibili. Jendea euskaraz hitz egitera animatu behar dugu, baita hanka sartzera eta gaizki hitz egitera ere. Denok egiten ditugu hanka sartzeak. Batzuetan Gasteiz bezalako lekuetan jendeak esaten du ‘zein polita zuen euskara’… Kaka zaharra! Ez da horrela! Hemen norberarena da hizkerarik politena eta norberak egin behar du ahalik eta ondoen baina dakienetik, konplexurik gabe eta beldurrik gabe.
Teknologia berrien eta interneten eragina positiboa izan al da euskararentzat?
Momentu honetan teknologia berrietan eta interneten euskara oso puntan dagoen hizkuntzetako bat da. Hori ezinbestekoa zaigu eta baita lagungarria ere. Adibidez, sare sozialen bidez fenomeno berriak gertatzen ari dira; euskalkien arteko harremanak gero eta handiagoak dira, euskararen inguruan maila kolokialeko erabilera gero eta handiagoa da… Hortaz, hemen sekulako atea dagoela deritzot. Oraingo honetan ere lehenengo aldiz historian beste hizkuntzekin batera heldu gara teknologia berrietara; iritsi gara garaiz eta sendo. Adibidez, wikipedian euskara da artikulu gehien dituen 35.hizkuntza da, Twitterren erabil daitekeen 38 hizkuntzetako bat da…beraz, horrek esan nahi du gure hizkuntza-komunitatea modernoa dela, teknologia berrietara egokitu dela eta erreinu horretatik ezin gara jaitsi.
XXI. mendeko euskaldunak, nola aldatu diren gauzak, kamarada! izenburu horrekin, beste behin ere, Kike Amonarriz euskararen inguruan aritu zen