‘Hizkuntza-politikaz eta komunikazioaz’ jardunaldiak eta zine-foruma eskainiko ditu abenduan Kontseiluak

hirinet 2013ko azaroaren 20a

kontseiluawebEuskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak bi jarduera antolatu ditu datorren hilerako. Abenduaren 2an  ‘Euskaraz bizi nahi dut’ zine-foruma izango da eta horretarako orotariko ikus-entzunezkoak hautatu ditu Kontseiluak Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan zuri gogoeta eginarazteko; spotak, kamera ezkutua, fikzioa, testigantzak, flashmobak izango dira ikusgai.

Hiru eduki-bloketan banatuta proiektatuko dira lanak eta, hala nahi baduzu, iritzia emateko aukera izango duzu bakoitzaren segidan: Euskalduntze prozesua, Euskaraz bizitzeko askotariko nahiak eta Herri-ekintzak. Hitzordua 18.30ean izango da Ignacio Aldecoa kultura-etxean.

Horrez gain, ‘Hizkuntza-politikaz eta komunikazioaz’ jardunaldiak prestatu ditu Kontseiluak.  Erantzuten al dio etengabe komunikatzen dugunak gizartea eraldatzeko eta euskara normalizatzeko helburuari? Zerk estimulatzen ditu arabarrak hizkuntza hautatzerakoan? Gai horietan argia emateko borondatearekin dator Kontseiluak abenduaren 9rako eta 16rako antolatu duen trebakuntza-eskaintza irekia, eguneko ordubeteko saio banarekin. Bi egunetako saioak osotasun bereko zati dira, ordea.

Abenduaren 9ko saioan, hizkuntza-politika orokorra eta hizkuntza-politika egokiaren ezaugarri nagusiak izango dira hizpide. Gainera, politika aplikatuaren datuen gainean egingo da lan: Arabako Hizkuntza-politikaren gakoak, problematika eta erronkak. 12 panelek osatutako erakusketa ere jarriko da egun horretan ikusgai, hizkuntza-politikaz maiz argitaratzen ez diren datuak bisitariaren esku jartzeko. Abenduaren 16ko tailerrak komunikazio eragingarriaren giltzarriak ezagutaraziko ditu. Euskararen gizarte-mugimendu antolatuaren komunikazio-estrategia komunak, euskararen normalizazioaren aldeko portaera egokiak sustatzeko, izan beharko lituzkeen ezaugarriak eta irizpide nagusiak aletuko dira, egungo aldaketa sozialari egokituta.

 

‘Hizkuntza-politikaz eta komunikazioaz’ jardunaldiak

Trebakuntza-saio praktikoak

Abenduaren 9an: Hizkuntza-politikaren egoera Araban eta Euskal Herrian.

Abenduaren 16an: euskalgintzaren komunikazio-erronkak.

Hizlaria: Iñaki Lasa, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko Ildo Politikoinstituzionaleko burua.

Nori zuzendua: Edonori. Bereziki, Euskalgintzako eragileak eta ordezkariak eta Araban hizkuntza-irizpideak erabakitzen eta ezartzen diharduten administrazio-langileak eta hautetsiak.

Doan. Euskaraz.

Ordua: arratsaldeko 7etatik 8etara.

Lekua: Gasteizko Ignacio Aldecoa kultura-etxea

 

Informazio gehiago: Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago