Oso perretxiko arabarra da, arrunta baita gure basoetan (ez hainbeste inguruko herrialdeetan). Pinudietan aurkituko duzue, Trebiñun, Kuartangon, mendebaldeko Batxikabo mendilerroko inguruetan. Bakanago atera den bizpahiru urte eskasen ondoren, aurten izurrite antzeko bat izan da eta zakukadaka hartu ahal izango litzateke, hori egitea baimenduta egongo balitz: gogoan izan Araban pertsonako eta eguneko bi kilo perretxiko baizik ezin direla hartu. Beste perretxiko batzuetarako udazken tristea izan denez, gogo handiagoarekin bildu du jendeak mendiko angula.
Normalean azaroan agertzen da, baina aurten aurreratu egin da eta urriaren hasieratik ari dira perretxikozaleak hura biltzen. Esnegorrien ("Lactarius deliciosus") eta ziza arreen ("Tricholoma terreum") toki beretan agertzen da, baita gaur egun toxikotzat hartuta dagoen zaldun-zizarekin ere ("Tricholoma equestre").
Lehen dastatzean jende askori zail egiten zaio haren zaporeari, usain sarkorrari eta haragi zaluari ohitzea, baina bigarren saialdirako harrapatu egiten zaitu. Primerakoa da haragi erreen osagarri gisa, berakatz apur batekin prestatuta, eta jende askok gulekin nahastuta jaten ditu, gulen antzera presta baitaiteke. Aizkoeta herrira joaten bazarete perretxiko honen sasoian, bertako La Era jatetxean aurkituko duzue horrela eginda, "Gulas de monte y de mar" deitutako platerean.
Oso ondo kontserbatzen den perretxiko bat da. Egunkari orri baten gainean jarrita, berogailu batetik hurbil etxeko berotasunarekin lauzpabost egunetan lehortzen da. Ondoren pote batean gorde eta hainbat hilabetez manten daiteke. Kantarelus lehortuak prestatzeko, uretan sartu hamar minutuz eta beti bezala egin sukaldean. On egin!.

Egilea: Asier Sarasua
Azken urteetan gero eta preziatuagoa ari da bihurtzen mendiko angula Arabako hiri eta herrietan, gaztelaniaz esaten duten "los perrechicos" horien eta onddozurien baimenarekin.