Familia sukaldean bildurik, arrebak harrikoa egiten, dantza eta kantaren ordua, patioko hotsak… Bazkalondoaren deskribapen hutsak ez ezik, baina, mota guztietako oroitzapenek osatzen dute nobela eta, hala, protagonista ume denetik hamasei urte egin arteko denbora hartzen du: aitonarekin batera emandako orduak, ume-garaiko jokoak, ahizparen ezkontza, seminarioa… Bide batez esan dezagun protagonista apaizgaia dela. Bere buruari etengabe hika ari zaio-eta, haren izenik ez dugu ezagutzen.
Oroitzapenei dagokienez, bosgarren atalera arte protagonistaren beraren oroitzapenez gain aitarenak ere ageri dira, gerra-garaikoak batez ere, eta tarte handiagoa du mahai inguruan bildurik den familiak. Hurrengo bost ataletan, ostera, protagonistaren oroipenak soilik ageri dira, batez ere erlijioarekin lotutakoak. Nobela, berez, horixe baita: bazkalondoa bera eta oroitzapenak tartekaturik.
Lehen, bigarren eta hirugarren pertsonak tartekatzen ditu Arrietak eleberri osoan zehar, trebetasun handiz tartekatu ere. Aipagarria ere bada garai baten adierazgarri dela nobela, besteak beste ortografiagatik: hestu, hilargia, haundia, batetan, farre-algarak, painelua, bederatzi t’erdiak, pasilo, pakea, orroea… Dena den, hori ez da arazo izango laurogeigarren hamarkadako maisulanaz gozatzeko.
Joxe Austin Arrieta Donostian (Gipuzkoa) jaio zen 1949an. Ikasketaz filosofoa eta lanbidez itzultzailea. Euskara irakasten ere ibili da zenbait urtez, bai eta politikagintzan ere, zehazki kulturaren eta euskararen alorrean. Idazle gisa poesia eta narrazioa landu ditu batez ere.
FITXA TEKNIKOA
Izenburua: Abuztuaren 15eko bazkalondoa
Idazlea: Joxe Austin Arrieta
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 1985
Orrialde-kopurua: 150
Egilea: Adriano De Mata
Aspaldiko harribitxia dugu nobela hau. Berez, 1965eko abuztuaren 15eko bazkalondo sargoritsuan gertatutakoa kontatzen du: arratsalde hasberri honetan (10. or.) hasi eta zazpiak eta laurdenetara arte, Donostian, familia abertzale eta euskaltzalearen baitan, noiz eta Francoren garaian.