Eskuz esku, Durango eta Iruñea lotzen duten bide osoa bete nahi dute eta horretarako martxan jarri den batzordea aurkeztuko dute arratsalde honetako ekitaldian. Beraz, gaurtik aurrera prestutasuna adierazten duen ororekin batera Gasteizen martxan jarri beharreko dinamikaren nondik norakoak definituko dituzte.
Gure esku dago herri dinamikak aniztasuna eta askotarikotasuna ditu oinarri. Hori dela eta, ekimenaren bultzatzaileek lagun ezberdinen arteko gogo-kidetasuna bilatzea dute xede, ekintza bateratu eta eraginkorrerako jokaleku egoki eta eroso bat sustatuz. “Nazio bat garela abiapuntutzat hartuz, erabakitzeko eskubidea dugu eta etorkizuna, beraz, herritarren esku dago”, adierazi dute.
Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen alde lan egingo duen Gure esku dago herri dinamika Gasteizen aurkeztuko dute gaur arratsaldean. Datorren urteko ekainaren 8an, Gure esku dago ekimenak Durango eta Iruñea giza kate erraldoi batez lotuko ditu autodeterminazio eskubidea aldarrikatuz. Gasteizko aurkezpen ekitaldiari 19.30ean emango diote hasiera Jimmy Jazz aretoan.