Gontzal Fontaneda: "Arabar Errioxan euskara berreskuratzeko egindako lana goraipatzen du dokumentalak”

hirinet 2013ko azaroaren 5a

euskal-herriko-nonbait-dokumentalaOstegun honetan, azaroak 7, Euskal Herriko Nonbait dokumentalaren emanaldi berri bat egongo da; oraingoan, Badu, Bada erakusketaren baitan. Oion eta euskara lotzen dituen dokumentalaren emanaldia zehazki, 19.30ean izango da Ignacio Aldecoa kultur etxean.

Zer aurkituko du ikusleak dokumental honetan?

Mugaldean dagoen errealitatea jasotzen da eta, batez ere, mugaldean euskara sustatzeko egindako ahalegin ikaragarria euskara islatzen da.  Are gehiago, lehenik eta behin, euskara berreskuratzeko egindako ahaleginaz mintzatu behar gara. Aspalditik ez zen entzuten euskara Arabar Errioxan eta bertako jendeak lortu du euskara berriro presente egotea eta aurrera egitea. Oinarria jarrita dago, beraz.


Dokumentalean azaltzen da adibidez matrikulatzen diren ikasleen %30 Logroñotik datorrela. Hainbeste aldatu da egoera?

Egunero bi autobus igotzen dira Logroñotik Oiongo ikastolara. Haur gehienek aita edo ama euskalduna dute, baina edozein dela arrazoia Logroñon bizi dira. Dokumentalean ere guraso erdaldun batzuk agertzen dira, kalitateagatik eta beste hizkuntza bat ikasteko aukera emateagatik haurra ikastolara eramaten dute.


Nolakoa izan da parte hartzea dokumentalean?

Eskatu izan dugun guztiarentzat beti ateak zabalik izan ditugu. Zaila izaten da askotan jendea objetibo baten aurrean esertzea, urduri jartzen baitira. Baina hortxe izan dira hainbat lagun kamera aurrean hitz egiten. Aspaldiko argazkiak ere lortu ditugu.


Topatu genituen ere antzinako bideoak, 8 milimetrotakoak. Vesparekin ere gauza bera gertatu zen, Logroñoko gizon berezi batek utzi zigun. Pozik eta oso ondo sentitu gara Oionen ate guztiak zabalik aurkitu ditugulako.


Harrera ona izaten ari da?

Ez da gauza bera izan Oionen edota Artiumen egindako aurkezpena. Oioneko estreinaldia oso berezia izan zen, hunkigarria. Estreinaldira hurbildu ziren lagunek beren buruak pantailan ikustea eta kasu batzuetan ere antzinako argazkietan eta pelikuletan beren senide hilenak ere... Negar malko batzuk ere askatu zituzten.


Oiongo euskaltzaleek egindako ahalegina goraipatu nahi du dokumentalak?

Dokumentalaren asmoa horixe da, bai. Euskara gora doa, baina oraindik ez da behar den mailara heldu eta oraindik ere askok ahalegin hori egiten ari dira. Euskaldun berriei esker ona eman nahi izan diegu dokumental honen bitartez, lan gogorra baita beraiena. Gogorragoa da euskaldun berri baten ahalegina euskaldun zahar batena baino, eta hori guztiz naturala da. Hutsetik hasi baitira.

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago