Halloween jaia, gure jaia?

hirinet 2013ko urr. 31a, 12:15

Azaroaren lehena heldu eta kalabazak, sorginak, amaraunak edo mozorroak nonahi ikustea gero eta ohikoago bihurtu da azken urteotan, izan ere, urriaren 31ko gauan Halloween festa ospatzen da munduko herrialde ezberdinetan, hala nola, AEBn, Kanadan, Irlandan edo Mexikon. All Hallows' Eve-n (Santu guztien egunaren bezpera) kontrakzioa da eta jatorri zeltarra du; Samhain ospakizun zeltarrari eta azaroaren 1ean ospatzen den Santu guztien egunari lotuta dago.

Mendetako usadioa dugu batez ere, baina batzuen aburuz, oinarri erlijiosoak ere baditu. Imigrante irlandarrak izan ziren tradizioa Ipar Amerikara eraman zutenak.

Hori dela eta, Ameriketatik "inposatzen" ari diren ospakizuna dela entzun izan dugu maiz. Baina kontrakoa dirudien arren, ahotsak.com Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea atariak 'Halloween euskal ohitura zaharra' artikuluan azaltzen duen moduan, Arimen Gaua ospatzeko ohitura ondo errotutako tradizioa da Euskal Herrian, eta oinarri-oinarrian, film amerikarretan ikusten ditugun irudietatik ez oso urruti.

Gaur egungo Halloween komertzialagotik desberdin samar, noski, baina funtsean jai berbera zen: gazte koadrilak elkartu, kalabazak (edo arbiak) hustu, kandelak sartu barruan, kalerik kale ibili beste batzuk beldurtuz... eta guztia ere heriotzarekin estuki lotutako giroan (arimak, fantasmak, hildakoak...).

Ahotsak.com atarian azaltzen duten moduan, 1950. hamarkadara arte, gutxienez, gure herri eta eskualde gehienetan bizirik iraun zuen ohitura izan zen, nagusiei egindako elkarrizketetan konprobatu duten moduan. Lekukotasunetako batzuk, Orion, Bermeon, Urnietan, Oñatin eta Elduainen jaso dituzte baina Araban ere antzeko testigantzak  jaso dira. Besteak beste, Oier Araolaza antropologo eta dantzariak ‘Halloween euskal festa bat da’ artikuluan Arabar Errioxako lekukotasuna eskaintzen du.

Arabako Errioxan. "Nire amak txikitan kalabazak hartu, hustu eta kandela bat sartuta bihurrikeriak egiten zituzten herrian. Nire herria arabako Errioxan dago, eta tradizioa belaunaldi horretan galdu zen (duela 55 bat urte)."

Iturriak: eibar.org eta ahotsak.com

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide