Ia-ia ez naiz konturatu ere egin Mirandara heldu garela, hain harrapatuta bainauka irakurtzen nabilen eleberriak. Emakume bat bagoira igo da, nire atzean eseri, eta telefonoz deiak egiten hasi da, bagoi-kide guztiek hizketaldia entzuteko moduko tonu batean. Akabo lasaitasuna: “Cariño, ¿ya has merendado?... No, maitia, si le das al botón rojo no te puedo decir cositas...”. Horrela, hamar minutuz. Orain badakit lauzpabost urteko seme bat duela, ez duela meriendatzea gustuko, eta gaur eskolan marrazki bat egin duela. Aita jarri da ondoren aparailuan, eta badirudi aita den lehenengo gaua izango dela gaur, ez omen baitaki zer jarri behar dion afaltzeko umeari, ezta zein tiraderan gordetzen diren pijamak ere. Etxeko deia amaitu eta beste bost egin ditu, astirik galdu gabe: hotelera, erreserba konfirmatzeko; lehengusua, zoriontzeko; telefono konpainia, kexa bat egiteko...
Burgos
“¡¡¡Veinte minutos para poner un huevo!!!” oihuaren erruz ia-ia bihotzekoak eman dit ―aurretik hogei minutuko etena izan dugu telefono deietan, eta, isiltasunaren zorionean, loak hartu nau-. Zer demontre! Nire lo-kuluxka zerk amaitu duen jakiteko irrikan, belarriak erne jarri ditut. Bada, solaskideari kontatzen ari zaio mugikorrerako aplikazio bat deskargatu zuela, didaktikoa oso, semeak jolas zezan, baina zailegia dela ume batentzat, eta, hortaz, berak kudeatzen diola “baserria”. Eta erosi duenetik hogei minutu pasa diren arte oiloak ez omen du lehenengo arrautza jarri, alfer horrek!
Valladolid
“Si, Maite, ya te he dicho que la oferta se la había pasado yo, y va y ella y le vuelve a llamar al cliente...” Ene... laneko kontuez hasi da hizketan telefonoz, eta argi dago dei horrek luze hartuko diola. Gainera, aztoratuta dagoenez, ozenago ari da... ―eutsi goiari, Saio, ordubete besterik ez baita geratzen Chamartinera ailegatzeko!-.
Baina pazientzia agortu zait dagoeneko: lekutik altxatu naiz, pasilloan atzera bi pausu egin ditut, pitin bat harengana makurtu, Profident iragarki baterako balioko lukeen irribarrea jarri, eta “Disculpe, ¿le importaría hablar un poco más bajo? Gracias” eskatu diot ―berrogei urte eskas dituen emakume batentzat “usted” tratua erabiltzea krudela izan da, badakit, baina aurreko bi orduetan sufritutakoa konpentsatzeko mendeku txikia merezi nuen, ezta?-. Garaipen-aurpegiarekin eserlekura itzuli naiz, emakumea bagoitik irteten zelarik, bagoien artean dagoen tarte horretan hitz egiteko. Ondoko gizonari irribarre zantzu bat nabaritu diot, eta mutilak “atsegin dut” ikurra egin dit eskuaz. Garaipen-eztia dastatzeak, ordea, gutxi iraun dit. Emakumea lekura itzuli da eta jo eta fuego hasi da “wassupeatzen” ―niri buruz gaizki esaka, seguru―. Tak-tak-tak-tak-tak (bi segundo isiltasun) piribi! Tak-tak! Piribi! Tak-tak-tak-tak tak-tak... Piribi! Lokatzetik irten eta lupetzetan sartu: ia nahiago nuen hitz egiten zegoeneko momentua!
Chamartin
Azkenik, heldu gara! Ahizpa zain daukat, Madrildik tragoxka batzuk hartzeko. Hori bai, aurretik farmazia batetik pasatzeko eskatuko diot: bueltako bidaiak ez nau ezko-tapoirik gabe harrapatuko!