‘Irizpide teknikoak’ medio Udazkenfest debekatu du Udalak, hiru egun lehenago

hirinet 2013ko urr. 30a, 08:19

udazkenfest_debekua_prentsaurrekoaSare sozialen bitartez Udazkenfesteko antolakuntzak Udalaren debekuaren berri eman zuen astelehen arratsaldean. Zalaparta handia sortu du Javier Marotoren gobernuak ezustean hartutako erabaki honek, izan ere, albistea festibala ospatu baino 72 ordu lehenago heldu da.

Atzo ziren hastekoak muntaketa lanak, dagoeneko prestatua eta hitzartua zegoen segurtasun plana suhiltzaile eta udaltzaingoarekin, kontratuak sinatuak, eskariak eginak, garbiketa udal zerbitzuekin hitzartua baita azpiegitura guztia antolatua ere.


Bestelako jaialdien antolaketan eman diren baldintzen jakitun, baimena ukatzeko argudioak ‘guztiz zentzugabeak’ direla azpimarratu dute antolakuntzatik. Batetik, segurtasun zerbitzu pribaturik ez egotea jasotzen da Udalak egindako txostenean. Hedabideen aurrean gogorarazi dutenez, aldiz, ‘herri mugimenduak modu bolondresean antolatzen ditu horrelako kontzertuak, eta beraz, ez dugu orainartean ezagutzen segurtasun enpresa pribatu bat kontratazen duen elkartasun ekimenik’.


Bestetik, txosten teknikoak dio Udazkenfesteko antolakuntzak eremu publikoa erabili nahi duela ‘irabaziak lortzeko’. Honen aurrean, antolakuntzak azaldu duenez, sarrerak tamaina honetako ikuskizun batek suposatzen duen gastu ekonomikoari aurre egiteko erabiltzen dira eta bestalde, ‘publikoki esan den moduan, jaialdiaren helburua dispertsioa sufritzen duten arabar familiei laguntza eskeintzea litzateke’.


Udazkenfest jaialdiaren antolakuntzan ibili diren lagunek argi dute ‘erabaki politiko bat’ izan dela. ‘PPk gobernatutako hirian presoen senideekiko elkartasun ekimenik antolatzea ezin dute onartu eta milaka gasteiztarrek elkartasun hori bere egitea’, gehitu dute.


Debekuaren aurrean, ‘tamainako erantzuna’ espero dute ostegunean, 19.30ean Bilbo plazatik abiatuko den 'sorpresas beteriko' maniFESTibalean. Ostean, jai solidarioa egongo da Gasteizko Gaztetxean eta Udazkenfestek Twitterren zabaldu duenaren arabera, gutxienez Arramazka eta Ze Esatek taldeek kontzertua eskainiko dute. Sarrerei dagokienean, azaroaren 10era arte aukera egongo da erositako gunean pultsera bueltatu eta dirua berreskuratzeko. Sarrera internet bidez erosi zutenekin harremanetan zuzenean jarriko dira.

 

 

 

 

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide