Honako puntuazioa lortu zuten bertsolariek:
Etxahun Lekue 638
Miren Amuriza 628,5
Iratxe Ibarra 627,5
Eneritz Zabaleta 595,5
Maddi Sarasua 579
Manex Agirre 578

Oionen lehen postua lortuta, Lekue zuzenean sailkatu da finalaurrekoetarako. Azaroaren 10ean Tolosan jokatuko den bigarren finalaurrekoan kantatuko du.
Larunbateko hitzorduan, 740 bertsozale elkartu ziren Arroyo I pilotalekuan. Oionen Txapelketa Nagusiko saioa antolatzea Bertsozale Elkarteak oso konszienteki hartu zuen erabakia izan da. Patxi Aizpuru Arabako Bertsozale Elkarteko idazkariak gogora ekarri duen moduan, "Txapelketako herriak ez dira gogoeta gabe aukeratzen. Inguru bertsozale euskaldunak, ez hain bertsozaleak, euskarak indar gutxiago duen herriak… denetik bilduko ditu txapelketak. Zazpi herrialdeetan, Euskal Herri osoan ari dira lanean Bertsozale Elkartea eta beste eragile asko elkarlanean eta txapelketa nagusia baliatu nahi da dinamika indartzeko. Azken hiru-lau urteetan Txandrioko bertso eskolak jarritako oinarriari bultzadatxoa ematea zen asmoa eta ederki bete da".
Azken kanporaketa izan da Oiongoa eta horrenbestez finalaurrekoetan ze bertsolarik kantatuko duten erabakita gelditu da, baita finalaurrekoen osaketa ere. Sei kanporaketak jokatu ostean, 18 bertsolari sailkatu dira finalaurrekoetarako.
Haien saioa irabazita honako bertsolariak sailkatu dira: Jon Martin (Villabonako irabazlea), Agin Laburu (Markina-Xemeingo irabazlea), Julio Soto (Hendaiako irabazlea), Beñat Gaztelumendi (Altsasuko irabazlea), Igor Elortza (Legazpiko irabazlea) eta Etxahun Lekue (Oiongo irabazlea).
Horiekin batera, puntuazioaren arabera hauek dira hurrengo faserako sailkatu diren hamabi bertsolariak: Jone Uria, Jexux Mari Irazu, Alaia Martin, Xabier Silveira, Unai Agirre, Beñat Lizaso, Amaia Agirre, Nerea Elustondo, Jokin Uranga, Iñigo Matzizidor "Mantxi", Odei Barroso eta Fredi Paia. Azkenik, finalaurrekoetarako zuzenean sailkatuta zeuden orain dela lau urte kantatu zuten sei bertsolarik: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Jon Maia, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga.
Finalaurreko guztietarako zein finalerako sarrerak dagoeneko salgai daude www.bertsosarrerak.eu webgunean.
Aurreko larunbatean Etxahun Lekuek irabazi zuen Oionen ospatu zen Bertsolari Txapelketaren kanporaketa eta hurrengo faserako zuzeneko txartela eskuratu.