Alkate jaunaren Gasteiz, guztion gainetik

hirinet 2013ko urriaren 23a

maroto_webgunea_txikiaEsaerak dio irudi bakar batek mila hitzek baino balio handiagoa duela. Baina balio hori, esanahia alegia, zeharo alda daiteke irudia hitzekin batera agertzen bada. Komunikazioan dihardutenak oso kontziente dira horretaz, eta askotan horrekin jolasten dute.

Politikan, adibidez, askotan jolastu ohi da irudiak eta lelo errazak elkartuz. Hor dago propaganda politikoaren gakoetariko bat, eta Gasteizen badugu politikari famatu bat gai honi garrantzi handia ematen diona. 

Bistan da Javier Maroto alkateak bere irudi publikoa ondo zaintzen duela. Irudi pertsonala zein birtuala, bi esparruetan nabarmentzen baita leku gutxi uzten diola inprobizazioari. Ziur aski, aholkulari talde trebe baten lana egongo da irudi landu horren atzean, eta emaitza begi bistan dago.


Egia da, hala ere, irudi hori ez dela guztion gustukoa, eta egia ere bada Gasteizko alkatearen polemiken zerrenda luzea dela. Hor ditugu Zaramagako mezkitari buruzko adierazpenak, Prada markako zapatilen auzia, “kanporatutako” ijitoaren txioa edota azken hitzak bazar txinatarrez, besteak beste. Hauek guztiak hanka sartzeak izan litezke, pitzadurak haren komunikazio politikan. Edo agian asmatzeak, batek daki!


maroto_webguneaAzken egunotan, propaganda politikorako irudien eta hitzen erabileran beste pauso berri bat eman du Javier Marotoren komunikazio taldeak. “Microsite” bat martxan jarri berri dute. Hala iragarri zuen pasa den igandean alkatearen aholkulari batek sare sozialetan, eta iragarkiak ikusgai ditugu jada hainbat egunkari digitalaren azaletan. “Vitoria-Gasteiz por encima de todo” gaztelania hutsezko lelopean, alkatearen estetikak dena betetzen du, Gasteizko irudi irreala irudikatuz. Irreala gutako askorentzat, baina harentzat benetakoa ote. Hori da kezkatzen nauena.


Irreala, hasteko, nire aburuz nabarmena delako argazkietan agertzen den biztanleri mota ez datorrela bat benetako gasteiztarrekin. Familia nuklearrak eta bikote heterosexualak agertzen dira webgune berri honetan, denak azal zurikoak. Zer irudikatu nahi dute? Benetako Gasteiz, edo gustuko luketen Gasteiz? Erantzuna benetako Gasteiz izatekotan, kontaktu gutxi omen dute kalearekin, eta hori kezkatzekoa litzateke hiriko agintari nagusia izanda. Nik ezagutzen dudan Gasteiz anitza da oso, bizikidetza, sexualitate eta jatorriari dagokienez. Eta zorionez! Argazki horietan agertzen den Gasteiz gustuko luketen hiria bada, proiekzio freudiatar honen diagnosia agerikoa izango litzateke. Norberak bere ondorioak atera ditzala.


Baina hori ez da guztia. Hasieran esan dudan bezala, irudiek balio handia izan dezakete, mila hitzek baino handiagoa, eta diseinuaren arduradunek bazekiten. Baina hitzek ere balioa dute, eta kasu honetan, gainera, balio erantsia. Transmititzen duten mezua haien esanahi hutsa baino haratago doa. Euskarak, beste behin ere, 2. mailako tratamendua jasotzen du. Halaber, mezu nagusia (“por encima de todo” aipatutakoa) soilik gaztelaniaz agertzen da, testu gehienak bezala. Euskaraz idatzitako esaldirik luzeena azken diapositiban dago, gure kexa, iradokizun edo proposamenak ezagutaraztera gonbidatzen gaituztenean. Txikia izan arren, keinu polita izan liteke (nahikoa ez, baina tira), akats ortografiko bat izango ez balu! Igandetik mantentzen da akatsa, zuzendu gabe. Euskaldunekiko desairea ala gustuko luketenaren proiekzioa?


Esan bezala, irudiek eta hitzek elkar osatzen dute, mezu bat osatuz. Eta mezu hori publiko zehatz bati zuzenduta dago. Hor egon liteke honen guztiaren azalpen logiko bat: alkateak jakin badaki nori hitz egin behar dion, zein den bere publikoa. Eta, antza, publiko horren barruan ez dago familia beste modu batean ulertzen duen inor, ez heterosexualitateari ihes egin dion inor, ez koloretako azala duen inor, ezta euskalduna den inor ere. Komunikazio talde trebe horrek ez gaitu aintzat hartzen. Ikusezinak gara haientzat, edo ikusezin bihurtu nahi gaituzte. Vitoria-Gasteiz gu guztion gainetik.

 


Egilea: Rikardo Otxoa @tuxuri

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago