Oraingoan Harkaitz liburuetatik erakusketara salto egin duzu. Zerk bultzatu zaitu?
Harkaitz Cano: Enkargua izan zen. Orain dela bi urte inguru erakusketaren komisarioa den Joxean Muñozen deia jaso nuen eta gidoia egiteko laguntza eskatu zidan. Nik ere susmatu ez nuen egiten erakusketa bat gidoi bat behar izaten zuenik eta erakusketa bat azkenean pelikula bat bezala da: badago pentsatzeko momentua, hunkitzeko momentua, sekuentziazio bat eta hori guztia ere ikasketa bat izan da niretzat.
Koldo Mitxelenak zioen euskararen benetako misterioa iraupena zela eta horixe da, hain zuzen, erakusketaren ardatza…
Aizpea Goenaga: Bai, ardatzetariko bat da eta hortik tiraka daude beste hainbat istorio erakusketaren barruan gertatzen direnak. Gidoi bat bezala da eta bertan gauza asko gertatzen dira. Erakusketa asko egon daitezke euskararen inguruan, baina hau bat da, oso konkretua. Oso erakusketa iradokitzailea da, hau da, erakusketak ibilbide bat zehazten dizu baina ibilbide horrek zure hausnarketa urrutira eramaten du, besteak beste, zure bizipenak edo zure inguruko euskararekiko harremanaren arabera. Informazioa emateaz gain, eta neurri batean oso didaktikoa da, badu beste bide oso eder bat, konpartitzekoa, bakarrik hausnartzekoa…
Ibilbide horretan zein espazio aukeratuko zenukete zuek?
H. C.: Bi espazio daude bereziki gustagarriak direnak. Batetik, amaierako ‘Gozatu, jolastu, zirrara eragin’ gunea. Hor badaude hainbat bideoklip, irratiko zatiak, liburuak, komikiak… eta hortaz, badago euskal kulturan eta euskararen munduan murgiltzeko gonbitea. Bestetik, ‘Euskara mundu eleanitzean’ izeneko gunea dugu, jendeari bereziki gustatzen zaiona. Euskara hizkuntza bat da, baina beste hainbat hizkuntza bezalakoa, eta gune honetan testuinguru batean jartzen dugu hizkuntza bera. Bolaz eta koloretako esferaz betetako gela bat da, 68 zirkulu daude hormetan koloretan margotuta, bakoitza hizkuntza bati dagokio eta hiztun kopuruaren arabera antolatuta daude. Hor oso bitxia da nola jendeak bere aurreiritziak eta usteak zalantzan jartzen dituen, ikusten baitute askotan hizkuntza handienak ez daudela beti botereguneekin edo estatuekin lotuta.
Hasiera batean, Badu Bada Donostiako San Telmo museoan egon zen ikusgai. Egun, Ignacio Aldecoa Kultura etxean dago. Nolakoak izan dira egokitzapen lanak?
A. G.: Egiazki, San Telmo izan zen erakusketa hau martxan jarri zuena eta bere birmoldaketaren ondorengo irekierari lotuta egin zen baina gure ustez erakusketa honen ibilbidea oso luzea izango da eta luzea izate horretan beti dago moldaketa bat eta lekuetara egokitzea. Ez da erraza izan baina Gasteizen oso ederra gelditu da. Erabat aldatu egiten da San Telmoko erakusketa. Hiru pisutan banatuta dago baina kasu batzuetan askoz jasoagoa gelditzen da. Desberdina da baina hori ere oso ederra da.
Erakusketarekin batera jarduera anitz egingo dira Badu Badan…
H. C.: Erakusketak berak badu kontraerakusketa bere baitan. Post-it erraldoiez josita dago erakusketa eta horietan biltzen dira hizkuntzaren inguruko hausnarketak, gureak ez direnak, eta beharbada askotan erakusketaren kontrapuntuak direnak. Esaterako, Luis Etxenikek, Saizarbitoriak, Anjel Lertxundik edo Sarrionaindiak hizkuntzari buruz zer esan zuten jasotzen dute post-it horiek. Horrez gain, gonbidapen bat dago, jendeak parte har dezan, alegia. Erakusketa abesteko aukera dago eta Twitter bidez, esaterako, jario bat bilatzen da. Hots, erakusketa bizirik egon eta aldatzen joan dadin bilatzen da. Hizkuntzak bizirik dauden bezala eta aldatzen doazen moduan badaude hainbat jarduera hori ahalbidetzeko.
Horrela, besteak beste, bisita bereziak egiten dira gida berezien eskutik eta Maider Unda, Bernardo Atxaga edo Gorka Aginagalde bezalako pertsonai ezagunekin erakusketa ikusteko aukera izango da.
Hausnarketarako gune aproposa izango da beraz…
A.G.: Bai, hausnartzeko, partekatzeko… Oso kuriosoa da erakusketa jende ezberdinarekin bisitatzen duzunean; umeekin zoazela erakusketa bat da, erdaldunekin bazoaz beste bat, erabat kanpotarrak direnekin beste bat… Orduan, hausnarketa horiek oso aberasgarriak dira euskaldunontzat eta euskaldunak ez direnentzat. Beti ikasten da zerbait eta hausnarketa hori ona da gure hizkuntzarekiko, konturatzeko hizkuntza batek zein leku duen, zertarako den eta batez ere, nola eta zenbat erabiltzen dugun.
Informazio gehiago: badubada.com
Urtarrilaren 11ra bitartean, ‘