Zein da gaur egungo egoera Araban?
Fracking-aren bitartez egiten diren zundaketak ez dira hasi Araban, hasteko zorian egon ziren Subijana de Alava herriaren ondoan, baina Gasteizko Hiri Antolamendurako planarekin egon ziren arazoak medio ez ziren hasi. Nabarmentzekoa da Hiri Antolakuntzarekin ematen ziren arazoak izan zirela putzua gelditu zutenak, izan ere ingurumen aldetik estatuaren eskakizun guztiak betetzen zituzten.
Orain urtebete, Batzar Nagusietan EAJk, Ezker Batuak eta EH Bilduk lurraldeko leku babestuetan gasa ateratzeko teknika hau ez erabiltzea adostu zuten. Uda ostean, ordea, Legebiltzarrak PP, PSE eta EAJren bozkekin Batzar Nagusietako testua moldatzea erabaki du Fracking-ari bidea erraztuz. Nola ulertu, batez ere, EAJren iritzi aldaketa hau?
Arabako gizartean gaiak duen pisua kontutan hartuta, argi dago Arabako EAJk Fracking-a debekatu nahi zutenen aldean atera nahi izan zuela argazkia, baina gaia Legebiltzarrera joan zenean bestelako interesak gailendu egin dira eta EAJk berak emendakinak aurkeztu zituen hasieran babestutako proposamenari.
Azkenik, onartutako lege aldaketa horretan Fracking-a ez da babestutako eremuetan debekatzen, debeku hori babestutako eremu bakoitzak duen araudiaren menpe gelditzen da eta kontutan hartuta bakoitzak planifikazio ezberdinak dituela ez dago argi zein den egungo egoera eta ezin dugu ahaztu araudi hauek ingurunearekin oso bortitzak diren lanak onartu izan dituztela hainbatetan, hobien kasuen bezala. EAJk publikoki babestutako eremuetan Fracking-a egitea ez dela bateragarria esan arren, eremu horiek arautzen eta planifikatzen duten dokumentuetan hori ez da hain argi agertzen, hortaz ezin da ziurtatu egingo ez denik.
Espainiako Gobernuak legalki ateak zabaldu zizkion teknika honi uztailean, hala ere, Errioxa eta Kantabria bezalako herrialdeak honen kontra posizionatu dira...
Baita Nafarroa ere! Badira gure inguruko hiru lurralde Fracking-a debekatzeko legeak onartu dituztenak, guztietan lurralde antolaketan duten eskumenei helduta. Egia da Estatutik hainbat pertsona ari direla esaten autonomia erkidegoek ez dutela eskumenik horrelako debekuak egiteko eta balitekeela debekuak atzera botatzen saiatzea, baina momentuz begi onez ikusten dugu gero eta lurralde gehiagok horrelako posizionamendu argiak hartu izana.
Fracking-a instalatu nahi duten lurraldeetan gizartearen erantzuna oso garrantzitsua ari da izaten eta Legebiltzarrak debekuak ezartzea ez die Fracking-a egin nahi dutenei gauzak errazago jartzen, hortaz, alde horretatik ematen ari diren debekuak onak direla uste dugu.
Zentzu berean, Generalitateko conseller den Felip Puig-ek Katalunian gasa ateratzeko teknika hau guztiz baztertzen duela esan du...
Katalunian berriki ezagutzera eman dute Fracking-aren inguruan bertako “aditu” talde batek egindako txosten bat eta bertan ere esaten da Katalunian ez daudela ez ohiko baliabideak aurkitzea aurreikusten diren lekurik eta egon daitezkeenak txikiak dira eta beren ezaugarriengatik ez zela bere ustiaketa errentagarria izango. Horren ondorioz eta bertako biztanleek izandako kontrako jarrerarengatik, bertako gobernuak Fracking-aren kontrako adierazpenak egin izan ditu.
Kuartangoko erreferenduma debekatu izanak zer erakusten du?
Ezin dugu ahaztu ministroen kontseiluak ezetza eman zuela Kuartangsoko Udaletxeak egindako eskakizunari, baina gerora Kuartangoko hamar Batzar Administratiboek urriaren 19rako deitu egin zituztela ez ohiko kontzejuak bertan, Batzar Administratibo bakoitzaren lurretan Fracking-a erabilia izatea nahi duten edo ez erabaki dezaten. Horrek erakusten digu erakunde hauek zenbateraino diren garrantzitsuak, izan ere, ministro kontseiluak hartutako erabaki bati buelta emateko gauza direla erakutsi dute.
Bestetik, argi gelditu izan da Estatuak beldur dela herritarren iritzien aurrean. Askotan entzun dugu Fracking bezalako egitasmoek biztanleen oniritzia izan behar dutela, eta Kuartangok behin baino gehiagotan erakutsi du ez duela nahi. Galdeketa posizionamendu garrantzitsu bat den neurrian Estatuaren kontrako beste kolpe garrantzitsu bilakatuko zen eta bazegoen zabaltzeko arriskua eta horren aurrean debekatzea erabaki zuten. Hala ere, ikusi beharko dugu Batzar Administratiboek ireki duten bidea hau gehiago zabaltzen den.
Zein da momentu honetan Fracking Ez Araba plataformaren lan ildoa?
Fracking-aren mehatxua jaitsi egin den momentu honetan gure zereginetako nagusia gaiaren inguruko arreta mantentzea da. Iaz egondako kontrako erantzun zabal eta argiaren ondorioz Eusko Jaurlaritzak hasteko epeak atzera bota dituela argia iruditzen zaigu, baina jakin badakigu ez dutela ez ohiko baliabide hori, ustez lur azpian dagoena, ustiatzeko esperantzarik galdu, izan ere ikerketarako baimenekin jarraitzen dute, inolako aldaketarik gabe eta Eusko Jaurlaritzatik egin diren adierazpenetan argi gelditu da ez diotela uko egiten nahiz eta teknika honekiko adierazpen kritikoak egin diren.
Nola lortzen da arreta hori mantentzea?
Alde batetik gure ildo informatiboa lantzen jarraitzen dugu, nagusiki hitzaldien bitartez eta hilero argitaratzen dugun egunkariaren bitartez, ematen diren albisteen inguruko irakurketak egitea ahalbidetzen diguna.
Bestetik arlo instituzionala jorratzen jarraitzen dugu eta bertan gaur egun izan dugun ekimen garrantzitsuena aurreko otsailean atzera bota ziguten Herri Ekimen Legegilea da. Legebiltzarreko legelarien txosten batek zioenaren arabera orain berriro aurkezteko aukera izango genuke eta horretarako lanean ari gara ordutik ingurunean sortutako bestelako Fracking-aren kontrako mugimenduekin.
Mugimenduen arteko koordinazioa azkenaldian gehiago lantzen ari garen ildoa da, izan ere asko dira teknika honen kontra sortutako mugimenduak 2013an zehar, batez ere SAIA baimenaren inguruan eta guk ez dugu geldirik egoteko asmorik.
Plataformak deitutako protestetan jendetza bildu da, indarra kalean dago?
Zalantzarik gabe. Fracking-aren inguruan lehendabiziko albisteak izan genituenean lehenengo putzua egiteko hilabeteak falta ziren. Momentu horretan piztutako erantzuna, pixkanaka-pixkanaka gorpuztutakoa izan da momentu honetan Fracking-eko putzurik ez egotearen erantzule oso garrantzitsua. Egia da bestelako arrazoiak egon badaudela, hasierako putzuekin izandako Hiri Antolamenduko arazoak bezala, baina inposizio honi emandako erantzuna hain izan da handia alderdi gehienen birkokatzeak eragin dituela eta obren hasieren atzeratzea ere lortu duela.
Gure ustez, orain arte oso garrantzitsua izan da gizartearen gehiengo batek adierazitako kontrako iritzi argia eta aurrera begira ere uste dugu kalean egon daitezkeela borroka hau irabazteko aukerak.
Bihar, urriaren 19an, Fracking-aren aurkako nazioarteko eguna izango da. Gasa ateratzeko teknika honen kontrako aldarriak nonahi entzungo dira, hala nola,