Soldata duinak eskatu dizkie Gasteizko Eskubide Sozialen Plataformak erakundeei

hirinet 2013ko urriaren 15a

gasteizko_eskubide_sozialen“Gizakiok ezin gara aurrekontuen menpe egon! Instituzioei exijitzen diegu soldata duinak denontzat!” eskatu die hainbat erakunde sindikal eta hogeitik gorako mugimendu eta talde sozialez osatutako Gasteizko giza mugimenduen plataformak erakundeei.

 

Eskubideak bermatzea, erakunde desberdinen erantzukizuna dela gogorarazi du plataformak prentsaurrean eta “justua den gizarte bat osatzeko ahalbideratuko lukete neurriak hartu ordez, instituzioak kudeatzen dutenek beren lege eskasekin, oinarrizkoak diren eskubideak desagerrarazi arte murrizten ari direla” salatu du.


Errealitate hau udan martxan jarri zuten kanpaina baten bidez salatu zuen plataformak, non  erreferentziatzat bi zenbaki erabili zituen: 22.186 langabetu eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren 8.222 jasotzaile. “Azken hau, ez da Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta ukatzen zaien milaka pertsonen adierazlea, injustua, insolidarioa eta garantiarik gabeko lege baten erantzule baizik”, argitu du.


Irailean, berriz, auzian jarri zituzten Gizarte Larrialdietako Laguntzen (G.L.L) ordainketak. G.L.L -ak Eusko Jaurlaritzak finantzatu  eta udalak kudeatzen ditu (aurrekontuen %0,47-a) eta honen inguruan Gasteizen bizitzen ari garen egoera “guztiz onartezina” dela dio Eskubide sozialen plataforma honek. “Gaur egungo pobreziak eta baztertze egoerak gasteiztarrengan gero eta eragin handiagoa duela kontuan hartuz, kopuru hauek hanka-motz geratu dira; 2013 osorako aurrekontuetako partida urteko lehenengo zortzi hilabeteetan agortu da. Orain, benetako soluzioak bilatu beharrean, utzikeria partekatzen da. Eta elkarri purrustadak egiteaz gain, Udalak eta Eusko Jaurlaritzak bere erantzukizunak ezkutatzen dituzte”, gaineratu du.

Horrela, erakundeen lehentasuna bazterketarik gabeko gizarte justua finkatzea izan beharko litzatekeela eskatu dute plataformak osatzen duten eragile guztiek.


Hil honetan bertan, Udalean, GLL-ren arazoari buruzko mozio bat aurkeztea aurreikusten du plataformak. Horretarako, hiriko alderdi politikoekin biltzen saiatuko da. Bestetik, hilaren 16an, Pobreziaren Kontrako Astearen barruan, hitzaldi bat antolatuko du plataformak Simon de Beauvoir elkarteen etxean.

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago