Erru-sentimenduak bultzatu zuen erbestera; eta, jadanik erbestean, erru-sentimenduak jarraitzen du torturatzen eta bakartzen, ezinezkoa baitu iragana aldatzea. Kafe-etxe batean egiten du lan, Londresen. Peru, aldiz, 1937an, gerratik ihesi, itsasontziz Ingalaterrara bidali zituzten umeetako bat izan zen, Euskal Herrira sekula itzuli ez zen horietakoa. Ibai ez bezala, ihes egitera behartu zuten. Badira urte batzuk kafe-etxe berera doala, Ibaik lan egiten duen kafe-etxera, alegia; eta halaxe, deserrian, elkartu dira pertsonaia bion bizitzak. Ez bata ez bestea, ordea, ez dira gertatutakoa kontatu zale: biek ala biek dituzte egin ezin diren galderak. Lehenaldiaren eta orainaldiaren artean dantzan dabiltza euren istorioak, Ingalaterrara eraman zituzten arrazoiak eta egungo bizimodua tartekatzen dituztelarik. Belaunaldi biko pertsonaia bi, nor bere iragana azaldu eta ulertu nahian.
Eleberrian zehar hainbat ikuspuntu ageri dira: Ibai eta Perurena, noski, baina baita Maialen eta haren ahizpa biki Sararen ikuspuntuak ere; eta guztiek komunean duten hori: erru-sentimendua, memoria, nortasuna, deserrotzea eta ihesa. Peruren ihesa eragin zuten arrazoiei buruzko zatia, gainera, benetako gertakizun eta datuetan oinarriturik dago, idazlearen dokumentazio-lanaren seinale; ezin dugu, hargatik, nobela historikotzat hartu. Bestalde, Goiak testu-mota ugari tartekatzen ditu nobelan: gutunak, poemak, egunerokoak, egunkarietako berriak… eta horrek itxura berezia ematen dio. Irakurleen egitekoa da guztiak ordenatu eta elkartzea.
Garazi Goia Seguran (Gipuzkoa) jaio zen 1978an. Telekomunikazioetako ingeniaritza ikasi zuen Bilbon, eta orain Londresen (Ingalaterra) bizi da, BBCn lanean. Zenbait ipuin-lehiaketa irabazteaz gain, Orgasmus lan kolektiboa eta Bi hitz eleberria ere baditu aldez aurretik argitaratuta.
FITXA TEKNIKOA
Izenburua: Txartel bat (des)herrira
Idazlea: Garazi Goia
Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2013
Orrialde-kopurua: 186.
Egilea: Adriano De Mata
Deserrian, erbestean elkar ezagututako bi pertsonari buruzko eleberria dugu hauxe. Alde batetik, Ibai, bere borondatez erbestera joandako mutila; bestetik, Peru, umea zelarik erbestea inposatu zioten agurea. Ibai Euskal Herritik Ingalaterrara joan da ihesi, autoa gidatzen ari zela istripua izan eta Maialen laguna koma-egoeran geratu ostean.