Aste honetan bertan, EAJko bozeramailea Gorka Urtaranek bazar txinatarrek normatiba betetzen ez dutela salatu zuen eta, arrazoi horiek medio, honen gaineko kontrola eramango duen kanpaina bat abiaraztea eskatu zion Udalari. Jeltzaleek egindako salaketan irisgarritasun zein segurtasun neurriei erreparatzen diete. Hiritarren kexak jaso ostean, jeltzaleek txosten bat egin dute eta hainbat bazarretan arrapalarik edo su-itzalgailurik ez dagoela salatzen dute, baita bertako korridoreak estuegiak direla ere.
Horiek horrela, EAJko salaketa entzun eta hurrengo egunean, Javier Maroto alkatea bera izan da bazar, kebak eta lokutorioen aurka posizionatu dena. Marotok iragarri bezala, udal taldeei “berehala” lokutorioei buruzko ordenantza berezi bat sortzea proposatzeko asmoa du, hirian horrelako establezimenduak ugaritu daitezen eragozteko. “Duela urte batzuk ados jarri ginen Erdi Aroko hirigunean hedatu ez zitezen, eta orain Gasteizko gainerako lekuetan hedatu daitezen eragozteko gauza izan behar dugu”, adierazi du.
Halaber, Marotok jakinarazi duenez, Udala “martxoaz geroztik jarduera plan bat aurrera eramaten ari da” bertako merkataritza tradizionala defendatzeko. “Hiriko merkatariek behin eta berriro eskatu baitute”, gaineratu du. Herritarren Segurtasunaren Saila, Udaleko Ingurumen Saila eta Osasun eta Kontsumo Zerbitzua arduratu dira kebab-saltokiei, bazar txinatarrei eta lokutorioei eragiten dien plan horretaz.
Emandako datuen arabera, ikuskapenen ondorioz, higiene eta osasun arrazoiak direla eta bost kebab itxi dira eta beste bosti administrazio-dosierra ireki zaie, lizentziarik ez zutelako. Lokutorioen kasuan, hirian dauden 47 lokutorioak ikuskatu ondoren, horietako bederatzi itxi dira.
Gai honen inguruan, kontrako jarrera agertu du Gasteizko EH Bilduk, izan ere, “sorginen ehiza” bat dela uste dute. Iratxe Lopez de Aberasturi zinegotziaren esanetan “betiko merkataritza” horrentzat ez dira arriskutsuak bazar, kebab eta lokutorioak. “Benetan arriskutsuak” direnak Mercadona bezalako merkatal gune handiak direla adierazi du Lopez de Aberasturik, orain dela gutxi ezagutu baita enpresa honek ateak zabalduko dituela Gasteizen.
Gasteizko “betiko merkataritza” babesteko plana diseinatzeko eta garatzeko erabili nahi dituzten argudioek eztabaida piztu dute udal gobernua osatzen duten taldeen artean, modu berean, eztabaida hiriko kaleetara ere iritsi da. Kebab, lokutorio eta txinatarren bazarrak “hedatu ez daitezen” gauza izan nahi du Marotoren Gobernuak.