Zentzu honetan, kriminalizazio politikoen eta ilegalizazioen aurka dauden pertsona guztiekiko elkartasuna bultzatu, bateratu eta koordinatzeko Gasteizko Harresia eraiki dute. Atzo bertan aurkeztutako ekimena honek Herri Batasunaren edo Segiren aurka erabilitako salbuespen-neurriei aurre egiteko indar bilgunea izatea du xede.
Guztira, 76 lagun daude inputatuta bi prozesu hauetan eta horietatik hamar gasteiztarrak dira. Fiskaltzak Herri Batasunaren kontrako sumarioaren baitan hamar urteko espetxe-zigorra eskatzen du Antton Morcillorentzat. Eta, bestetik, Segiren kontrako sumarioan seina urte eskatzen du Aitor Liguerzana, Bittor Gonzalez, Goizane Pinedo, Ion Anda, Jagoba Apaolaza, Jon Liguerzana, Nestor Silva, Unai Ruiz eta Zumai Olalderentzat.
Jardun politiko eta militante publikoa egiteagatik akusatu dituzte hamar gasteiztar hauek eta Madrilgo Audientzia Nazionalak erabilitako salbuespen-neurri hauei aurre egiteko Gasteizko Harresia beste antolaketa adierazpen bat izan dadin gasteiztarrei egin diete deia. Ozen bezain argi adierazi nahi dutelako neurri horiek ez direla legezkoak eta guztien ardura dela horiekin bukatzea.
Horiek horrela, harresia eraikitzen eta indartzen joango dira gutxinaka-gutxinaka eta horretarako hainbat deialdi luzatu dituzte:
- Urriaren 11tik 13ra: ‘Asteburu laranja’, laranjaz janzteko deia egiten diete gasteiztarrei.
- Urriaren 13an: Desobedientzia martxa Iruñean. 12.00etan Golem zinemetatik, Herri Harresiak antolatuta.
- Urriaren 14an: Manifestazioa Gasteizen. 19.00etan Babesgabetuen elizatik abiatuko da.
Hilabete honetan hasiko dira Segi gazte erakundearen eta Herri Batasunaren kontrako makro-epaiketak.