France Telecomek Lakua hotelaren teilatuan jarrita duen telefonia mugikorreko antena kenduko dute

hirinet 2013ko urriaren 9a

ibaiondo_erradiazioak2Gasteizko Udalak hilaren 15era arteko epea jarri dio France Telecom enpresari Lakua hotelaren teilatuan jarrita duen telefonia mugikorreko antena ken dezan, Ibaiondo ikastetxearen aurrean dagoena.

Gogora dezagun, orain dela bi urte inguru Ibaiondo ikastetxeko gurasoek sortutako Ibaiondo 0.1 plataformak ikastetxe aurrean dauden antenak kentzeko eskatu ziola udalari. “Europatik eta bestelako erakundeetatik datozen legeak betearaztea nahi dugu, gure seme-alaben osasuna babestezko asmoz”, azaldu zuten. Izan ere, 2013/14 ikasturte hasieran, antenak oraindik bere horretan jarraitzen zutela ikusirik, mobilizazioak eta protestak egin zituzten, Lakua Hotelean kokatuta dauden telefono mugikorretarako antenek legediak onartzen duena baino gehiago irradiatzen baitute. 

"Antena kenarazteko administrazio-prozedura abuztuan hasi zen, eta legezko izapide guztiak bete direlarik, datorren astean kendu beharko da antena", azaldu du Javier Maroto alkateak.

Horrekin batera, hilaren 29an, 18:30ean, jarduera pedagogiko bat egingo da Ibaiondo gizarte etxean. “Udalak antolatu du jarduera, eta Sindikoa arituko da moderatzaile, iritzi guztiak azaldu eta gaiari buruzko lan pedagogikoa egin ahal izateko, beharrezkoa dela uste baitut”, esan du  alkateak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago