'Euskara Jendea' dokumentala urriaren 11n aurkeztuko duzue Gasteizen, zer aurkituko ikusleak?
Dokumental-sortaren bigarren atala: ‘Erromako Inperioan’. Erromatarrek kasik zazpi mende eman zituzten gure lurraldean. Ohiturak, antolaketa politikoa eta administratiboa, gizartea, ekonomia, erlijioa… Alor guztiak bestelakotu ziren nagusiaren kultura-globalizazioaren erakusgarri. Baita hizkuntza ere. Erromatarrek latina ekarri zuten. Eragin izugarria izan zuen gure hizkuntzan, ezagunena corpusean. Baina auzo-hizkuntzak eta beste hizkuntza asko ez bezala, euskarak iraun egin zuen, ez zen desagertu. Bestalde, garai hartakoak dira euskararen lehen lekukotasunak, funtsezkoak hizkuntzaren garai ilunenean barrena murgiltzeko.
Hainbat atal izango dira ikusgai...
45 minutu inguruko sei atalek osatzen dute seriea, Historiaurretik gaur egun arte: Historiaren atarian, Erromako Inperioan, Aniztasunaren bidean, Mugetan gaindi, Gerren arteko Pizkundean eta Mundua osatzen. Bakoitzean berezitasun batzuk azpimarratu nahi izan ditugu, ez soilik begia kronologian ezarri, hala nola hiztun komunitatearen iraupena, komunitateen arteko hartu-emanak, mugen haustea eta abar.
Zein da gure hizkuntzaren historia?
Hiztunona, euskara jendearena, hortik Xamarrek liburuari emandako izenburua. Hizkuntzak, gramatikatik haratago, geu gara, hiztunok edo, zehatzago, hiztun komunitateak. Jatorria historia horren misterio dugu, noski. Baina halakoxea, baita ere, iraupena mendez mende. Nola lortu du irautea euskaldunen hiztun komunitateak gaur arte? Talaia horretatik begiratu diogu hizkuntzari, han-hemen galderak ezartzen. Eta menturaz komunitateak menderik mende egin bidean aurkituko ditugu aurrera egiteko beharrezkoak diren galdera gehiago.
Eta, gure historiaren hizkuntza?
Modu asko izaten dira historiari begiratzeko. Gutxitan hartzen dira hizkuntza eta kultura herri baten historia aztertzeko ardatz gisa. Euskara Jendea dokumental sortak, aldiz, zentralitatea jarri nahi izan du hizkuntzan. Euskara gure historiaren erdigunean kokatzen da, beti ere mendeetan zehar hamaika hizkuntzarekin harremanetan, etengabeko trukean.
Antropologoak, arkeologoak, hizkuntzalariak, filologoak... gaian adituak diren lan talde handia sortu duzue, ezta?
Guztira hogeita hiru lagun. Atal bakoitzean lau. Seigarrenean izan ezik, beti bertoko hiru aditu eta kanpoko bat. Kanpoko begirada, esaten dugu guk. Zein bere arloan, lagun horiek ezinbesteko jostun izan ditugu. Kontakizunetan proposatutako ideiak bete, osatu eta janzten dituzte. Horretaz gain, kontakizun horiek artezteko hamaika ekarpen ere egin dituzte.
Euskara jendea egitasmoak Xamarrek 2006an Pamiela etxean argitaratutako izenburu bereko liburua du abiapuntu. Zer dela eta ikus-entzunezkoetara emandako jauzi hori?
Xamarrek dibulgazio mailan idatzi zuen liburua, asmo horrekin. Gurean alor horretan ditugun gabeziak azpimarratu ditu behin baino gehiagotan. Ikus-entzunezkoen barruan, dokumentala da ongien egokitzen dena dibulgaziora, alegia, ahalik eta jende gehienengana iritsi sakontasun maila egokian. Ibaizabal-Mendebaldean ere ikusi zen behar hori.
Gurea herri isolatua zela, zibilizatu gabea... euskaldunok ditugun aurre-iritzi aurre-iritzi arruntak faltsuak direla frogatu dute hainbat ikerketek...
Herri orok bere mitoak ditu. Herriak berak sortutakoak, bai eta kanpoko herriek, interakzioan, sortutakoak ere. Herri isolatua, garaiezina, bezatu gabea… historiaren itzalgunetan sortutakoak denak. Erantzuteke dauden hainbat galderari erantzuteko hartu izan dute pisu historikoki. Baina egun ez dira baliagarriak. Hala Historiaurrean nola Historiaren lehen mendeetan beste kultura batzuekiko harremanak etengabeak izan dira. Erromak, urrun gabe, egungo zibilizazioaren oinarriak ezarri zizkigun. Hiztun komunitatearen iraupenari galderak egiteko, bada, beste helduleku batzuk behar dira.
Euskaraz mintzo ez den jendearekin ezinezkoa litzatekeela Euskal Herriaren historia azaltzea diozue, zergatik?
Ezer izatekoan, euskararen herria izan gara. Mintzoa erabili izan dugu beti geure burua definitzeko, herri edo nazio gisa zer garen adierazteko, nahi baduzu modu inkontziente batean. Egun, berriz, mende batzuk dituen lurralde batekin, mapa batekin lotzen dugu gehienetan Euskal Herria. Lurraldetasuna hobetsi dugu definizioan. Baina Euskal Herria ezer izan bada, lurralde zehatz baten gainetik, euskaradunen edo euskaldunen herria izan da. Ez zaio lurraldeari deus ere kentzen, hizkuntzaren tokiaren eta pisuaren aldarria da.
Trailerra:
Informazio gehiago: Euskara Jendea