LOMCEren aurkako kalejira egingo du Gasteiz Gure Hezkuntza plataformak

hirinet 2013ko urriaren 4a

gasteiz_gurehezkuntzaAurreko ikasturtean sortu zen Gasteiz Gure Hezkuntza plataformak Wert ministroaren LOMCEri "ezetz borobila" ematen dio eta Euskal Herrirako hezkuntza sistema eredu propioa aldarrikatzen du. Jaio zenetik, plataforma osatzen duten hezkuntza komunitateko parte hartzaile guztiek, hots, hainbat guraso, ikasle eta langilek, eragile ezberdinek, herritarrek eta bestek, lege honen edukiak aztertzeko, eztabaida zabaltzeko, beharrezkoa den hezkuntza sistemaz hausnartzeko eta proposamenak partekatzeko bilerak egin dituzte eta horrez gain, eta asmo berarekin, eskoletan ere eskaini dituzte hitzaldiak.


Gaurkoan aldarrikapenak kalera eramango dituzte eta urriaren 4an, ostiralean, ‘LOMCE ez, Euskal Herrian Gure Hezkuntza eraiki!’ lelopean egingo dute kalejira.


Kalejira 19.00etan hasiko da Andra Mari Zuriaren Plazatik, baina lehenago 18:45tan Murala: “Gure Hezkuntza Gure Esku” egingo dute, bertan guraso, ikasle eta langileen eskuak kolorez margotuz. Ondoren, “kalejira koloretsua egiteko asmoa dugu, musika (alboka, gaiteroak, abestiak), globoak eta egindako murala eramanez. Postu kaletik eta Foru kaletik San Prudentzio kalera abiatuko da eta bertan dagoen Hezkuntza Delegaritzaren aurretik pasatuko da. Bertatik Gasteizko Legebiltzarrera joango da”, azaldu du plataformak.


19.30ean  Legebiltzarretik pasako dira, egindako murala kokatuko dute bertan, eta Legebiltzarreko Talde politiko guztiei eskutitz bana luzatuko zaie, plataformarekin batera Bilbon burutuko den Urriaren 12ko manifestazioan parte hartzera gonbidatuz. Bukatzeko bertsolariak eta manifestuaren irakurketa izango dira Andra Mari Zuriaren plazan.

 


 

Informazio gehiago: Gasteizko Gure Hezkuntza plataforma

 


 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago