Kaleetan “benetako baketzea” lortu arte, bizikletak errepidean ibiltzera ez behartzeko eskatu du elkarteak, espaloiak erabiltzeko aukera berreskuratuz. Hiriko txirrindularien taldeak adierazi bezala, “motordun ibilgailuekin elkarbizitzak arriskuak dakar” eta datuetan oinarritu dira; Gasteizen urtean 4.000 istripu inguru egoten dira eta bizikletak errepidera mugatzen badira, istripuak izateko arriskuak gora doaz. Hori dela eta, araudi berria aplikatzeko epea luzatzea eskatzen du Bizikleteroak elkarteak.
Horregatik, taldeak egin duen bigarren eskaera argia da; orain arte Gasteizko 47 kaleetan indarrean dagoen 30 kilometro orduko abiadura hiri osora zabaldu nahi dute. “Ezusteko egoeren aurrean, 30 kilometro orduko abiadura daraman ibilgailu batek 50era doana baino espazio gutxiago behar izango du gelditzeko eta gainera, istripu bat izateko arriskuak murrizten dira”, azaldu du elkarteak.
30eko eremuak hiri osora zabaltzea eta hori lortu bitartean, bizikletak espaloian ibiltzeko debekua altxatzea eskatu du Bizikleteroak elkarteak. Horrela adierazi dio Udalari, bizikletaren erabileraren inguruko udal ordenantzaren proiektuan aurkeztu dituen alegazioetan.