‘Giro onean’, milioi bat azukre poltsa zure kafea euskaraz gozatzeko

hirinet 2013ko irailaren 27a

giro_onean-logoa‘Giro onean’ kanpainaren bitartez Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak bat egin dute arlo sozioekonomikoan eragiteko, “normalizazio linguistikoa lortzeko giltzarria den arloa baita” Iciar Lamarain Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Diputatuaren hitzetan.  Zehazki ostalaritzaren esparruan eragiteko batu dituzte indarrak.

“Ostalariak bezeroek ahalik eta girorik onena aurki dezaten ahalegintzen dira. Euskarak zeregin horretan lagun dezakeela zinez uste dugu Udalean” nabarmendu du Alfredo Iturricha Herritarrentzako Zerbitzuen eta Kirolen Zinegotziak Cafés la Brasileñaren egoitzan emandako prentsaurrekoan. "Hizkuntzak saltokiaren aukeraketan laguntzen du” gehitu du Lamarainek.

 


‘Giro onean’ Gasteizen merkatariei zuzendutako “Eskerrik asko” kanpainaren baitan jaio da. Honen bitartez azken urteotan 2000 saltoki baino gehiagok jaso dituzte bisitak. Araba mailan, kanpaina 2013. urtearen hasieran jarri zen martxan eta dagoeneko 60 ostalaritza establezimendu baino gehiagok zerbitzua jaso dute, batez ere Lautadan eta Arabar Errioxan.


Era honetan, lema eta irudi bera erabilita eta Artez Euskara Zerbitzuak  koordinaziopean, erakunde bakoitzak baliabideak eskaintzen dizkie ostalariei euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko: doako itzulpenak, ostalaritza hiztegiak, “itxita/zabalik” kartelak… eta Cafés la Brasileñarekin elkarlanean azukre poltsak. Iaz 700.000 banatu ziren, “aurten milioia gainditzea dugu erronka” azaldu du Javier Saenz Cafés la Brasileñako sail komertzialeko sustatzaileak. Urrian, azukrearekin batera Udaleko eskaintza osoa biltzen duten katalogoak banatuko dira, baita Aldundiko zerbitzuaren berri ematen duten triptikoak ere. Hauek Udaleko webgunean eta euskaraba.com-en ere daude eskuragarri.


Cafés la Brasileñako bezeroak ez direnek ere azukre poltsak eskatu ahalko dituzte “ostalari@artez.net” e-posta edo 656 797 805 telefonoaren bitartez. Bide beretik “Giro onean” kanpainak eskainitakoa ere eskatu daiteke.


Informazio gehiago: Euskara Zerbitzua. Euskara eta merkataritza

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago