Egiozu Euskaraz, bi urte Gasteizko gazteriaren artean euskara sustatzen

hirinet 2013ko irailaren 27a

egiozu_euskaraz_2urte_karte2011ko irailean, Gasteizko zenbait gaztek ‘Egiozu euskaraz’ izeneko proiektuari hasiera eman zioten.

Egun hauetan bigarren urteurrena ospatuko duen egitasmoaren helburua, hasieratik, argia izan da; euskal gazteriaren bereizgarri den kulturaren eta nortasunaren bultzatzailea izatea eta horretarako, Euskal Herrian zehar antolatzen diren ekintzen bozgorailu eta laguntzailearen papera betetzeari ekin zioten, hauek guztiak egiozueuskaraz.com webgunean bilduz.


“Euskaraz egiten diren ekimenez informatzen dugu eta horrela euskararen erabilera sustatzen eta zabaltzen dugu”, azaldu digute Egiozueuskaraz-eko kideek. Izan ere, “Araba euskaraz, Kilometroak eta pareko ekintzetarako autobusak muntatzen hasi ginen. Autobusak antolatzearekin soilik ez ginen asetu, eta euskararen inguruan eta horrelako gehiago landu nahi genituelako”, diote kideek hastapenen inguruan.


Horrela, bi urte hauetan esandakoa bete dute, atari digital txukun eta erakargarri bat tresna izaki eta besteak beste, Kalera Rock jaialdiko argazki erreportajea edo ‘Gasteizko gaztetxea 25 urte’, ‘Zaharraz harro 2013’ eta ‘Gazte karpa 2013’ ekimenen jarraipena bereziak eginez. Oraingoan, esaterako, ‘Udazkenfest zuzenean"’ prestatzen ari dira, orain dela egun gutxi eraberritu duten web gune berrian.


egiozu_euskaraz_2urteEgun, Koldo Mitxelena, Olabide, Ikasbidea eta Mendebaldea institutuetako neska-mutilez osatua dago lan taldea, adin ezberdinetakoak baina giro berdinean mugitu ohi direnak. “Ez dugu uste profil zehatz bat dugunik. Beharbada batu gaituena gure kezka ezberdinak dira, euskara eta Euskal Herriaren inguruan ditugun kezkak, hain zuzen”, zehaztu digute. Tamalez, Gasteiz mailan euskararen arloan ez dute gazteriaren artean gehiegizko mugimendua ikusten eta “indartu beharreko arloa” dela uste dute. Gizarte mailan, ordea, aldaketen garaian gaudela dio taldeak, “egoera soziopolitiko honetan gazteok hitza eta erantzuteko beharra daukagu”.


Autogestioa oinarri

Egiozu Euskaraz egitasmoan autogestioa dute oinarri. Taldea astean behin biltzen da, ideia berriak komentatzeko eta ondoren, egin beharreko lana taldekideen artean banatzeko. “Normalean guztion artean eta modu orekatu batean egiten dugu lan”, diote. Jaialdietarako autobusak antolatzeko, publizitatea egiteko, materiala erosteko edo webgunea mantentzeko erabiltzen dituzte irabaziak.


Etorkizuneko erronka berriei dagokienez, urtarriletik aurrera hilabeteko programazioa ateratzeko asmoa agertu du gazte taldeak. “Momentuz guztia muntatzen gaude. Ea aurrera ateratzerik dugun”, adierazi dute.

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago