Ibaiondo ikastetxea erradiazioen aurka

hirinet 2013ko irailaren 26a

ibaiondo_erradiazioak2Ibaiondo ikastetxeko ikasleek ez diote normaltasunez ikasturte berriari ekin. Izan ere, ikasleak, gurasoak eta ikastetxea bera kezkatuta eta haserretuta daude, ikastetxe aurrean duten Hotel Lakuan kokatuta dauden telefono mugikorretarako antenek legediak onartzen duena baino gehiago irradiatzen baitute. Erakunde publikoen gelditasunaren aurrean, mobilizazioekin hasiko dira berriro ere, “gure seme-alabak babesteko asmoz”. Izan ere, irailaren 27an, ostiralean, Hotel Lakuaren aurrean elkartuko dira txistualdia egiteko eta ondoren greba izango da eta haurrak ez dira klasera sartuko.

ibaiondo_deialdiaBaina arazoa ez da oraingoa, 2012ko maiatzean hasi baitzen antenen inguruko afera. Orduan hotelean lau telefono konpainia ezberdinen hiru masta zeudela jakin izan zuten eta hauek ematen zuten erradiazioa 0,1 baino altuago zela. Segituan, ikastetxean zegoen erradiazio elektromagnetikoa neurtu eta horren inguruan Osasunaren Mundu erakundeak, Europako Ingurumen agentzia edo Europako Legebiltzarreko legediek horren inguruan diotena kontsultatu zuten, erradiazioak osasunarentzat kaltegarriak izan daitezkeela ondorioztatuz. Are gehiago, “Gasteizko Udalaren ordenantza bera ez da betetzen”, salatu du Ibaiondo 0.1 plataformak. “Horregatik, udalari legea betetzea eskatzen diogu eta erradiazioa 0.1era jaistea”, gaineratu du.


Momentuz, erakunde publiko guztiek entzun dute plataformaren eskaera baina ezer gutxi egin dutela salatu du plataformak. “Udalak babesten gaitu, baina hitzez bakarrik; neurgailua jarri eta hainbat neurketa egin ostean, neurketak legalak direla diote, ezin dutela ezer egin. Eusko Jaurlaritza, berriz, aktiboki ari da parte hartzen eta behin behineko neurriak hartu baditu, baina oraindik ez dute ezer zehatzik egin”, azaldu dute plataformatik. Bien bitartean, Lakua Hotelak ez du “publikoki” bere jarreraren berri eman eta telefono konpainiek, aldiz, ez dute ezer esan, “legaltasunean babesten direla suposatzen dugu”.


Gauzak horrela, Ibaiondo ikastetxeko ikasle zein langileen egoera kezkagarria da. Lehen Hezkuntzako 4.mailako ikasgeletan dagoen erradiazioa Europar Batasunak gomendatzen duena baino zazpi bider altuagoa da. “Eskolak pertsianak jaitsita ematen dituzte, metalezkoak izanik erradiazioak 0.1 baino baxuagoak izatea lortzen baitute”, zehaztu du plataformak. Baina ez hori bakarrik. Haur Hezkuntzako jolastokiaren %70a ezin da erabili eta hortaz, txandaka atera behar dira jolastorduan. ”Bitxia bada ere, erradiazioa jaitsi den leku bakarra udalak jarritako neurgailuan aurkitzen dugu”, dio plataformak.


Ibaiondo ikastetxeko gurasoak haserre daude, beraz, eta hotelean dagoen antena berehala kentzeko eskatzen dute; “Europatik eta bestelako erakundeetatik datozen legeak betearaztea nahi dugu, gure seme-alaben osasuna babestezko asmoz”.


Informazio gehiago: Ibaiondo 0.1 plataforma

 

Irudia: Naiz.info

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago