Supermintzalagunak, elkartu gurekin!

hirinet 2013ko ira. 25a, 17:47

supermintzalagunak_kartela2013-2014 ikasturteko Mintzapraktika egitasmoa abian da eta aurten ere horren berri emateko kanpaina dibertigarria egin dute.

Egunerokoan euskararen alde beren alea jartzen duten “supermintzalagunak” omendu nahi ditu aurtengo kanpainak. Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak esan bezala, “ahalegin horri esker biziberritzen da euskara, eta superheroiak bezala, sarri ikusezinak izaten dira”.


Aurreko ikasturtean 5.500 mintzalagun elkartu dira Euskal Herri osoan hedatuta dauden egitasmoetan. Duela 20 urte sortu ziren lehen mintzalagun taldeak Donostian, orduko kide batzuen artean kezka piztu zen euskaltegiko ikasleek euskara erabiltzeko zituzten zailtasunak ikusita. Horregatik, mintzapraktika modu atsegin eta erraz batean egiteko Mintzalaguna ekimena antolatu zuten.


Mintzapraktika egitasmoek euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten lagunak ohitura dutenekin batzen dituzte, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko, eta urterik urte gora egiten du izen emateak. Bospasei lagunek osatutako talde txikiak dira, eta astean behin biltzen dira. Berbalagun, mintzakide edo solaslagun izena ere hartzen dute, besteak beste, eta 80 herri eta eskualdetan zabalduak daude. Azken urteetan, bereziki indartu dira hirigune handietako egitasmoak, hauen artean, Gasteiz. Izan ere, Gasteizko Mintzalaguna egitasmoak GEU elkarteak kudeatzen du. Gasteizko Mintzalagunean parte hartu nahi izanez gero, matrikula egiteko azken eguna urriaren 21a izango da. Arabako Errioxan eta Gorbeialdean ere mintzalagun taldeak elkartzen dira. 


Aurten izen emate kanpainan Aitziber Garmendia eta Kepa Errasti aktoreek hartu dute parte, zenbait mintzalagunekin batera.

 

 

 

 

.

Informazio gehiago: Gasteizko Mintzalaguna

 

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide