Itunpeko sarearen barruan, Kristau Eskola eta IZEA patronalek kudeatutako ikastetxeetan egingo dute protesta eta hortaz, ez die ikastolei eragingo. Sindikatu guztiek “oso larritzat” jotzen dituzte EAEko itunpeko irakaskuntzako patronalek 2010eko maiatzetik aurrera hartu dituzten erabakiak. “Eusko Jaurlaritzak kontzertazio moduluak murrizteko erabakiaren aurrean, itunpeko irakaskuntzako patronalek murrizketa hauen zama nagusiena sektoreko langileen bizkar jartzea erabaki zuten, inolako elkarrizketa eta negoziaziorik izan gabe eta soldatak murriztuz”, salatu dute. Horrekin batera, “auzitegiek instantzia gorenetan langileen ordezkarioi arrazoia eman dietenean ere, patronalek bata bestearen atzetik etorri diren epaiak betetzeari uko egin diete behin eta berriro, oraindik ere 2013an zor dituzten kopuruekin gertatzen den moduan”, gaineratu dute.
Kristau Eskolak baita IZEAk ere, EAEko hitzarmenaren negoziazio mahaia bertan behera uztea erabaki zuten eta estatuko hitzarmena ezartzeko bere asmoa agertu zuten. “Erabaki hau epaitegien aurrean salatua izan da eta epaiaren zain daude”, diote Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako negoziazio mahaian ordezkaritza duten sindikatuek.
Sindikatuen arabera, ikastetxe hauetan sortu den “egoera larrian ardura zuzena Eusko Jaurlaritzarena da" eta horregatik, bitartekaritza lana egin dezan eskatzen diote, “gatazka honi konponbidea aurkitu eta hezkuntza sistemari eta langileen egoerari egonkortasuna emango dion irteera bidea aurki dezan”.
Olabide, San Viator, Marianistas, Corazonistas edo Egibide aurkitzen dira Gasteizko ikastetxe kaltetuen artean. Irakasleak goizeko 10.00etan protesta egingo dute Legebiltzarraren aurrean eta ondoren, 11.30ean Andra Marti Zuriaren enparantzatik hasita egingo dute manifestazioa.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako itunpeko 200 zentrok baino gehiagok mobilizatzeari ekingo diote datorren ostegunean. Izan ere, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako negoziazio mahaian ordezkaritza duten sindikatu guztiek (ELA, CCOO, STEE-EILAS, LAB eta UGT) mobilizazio jarraituak planteatu dizkiete itunpeko ikastetxeetan dauden 12.000 langileei. Lehenengo hitzordua datorren irailaren 26an izango dute. Emaitzarik lortu ezean, bi mobilizazio aste ezarri dituzte: urriaren 21etik 25era, eta azaroaren 25etik 29ra.