Marotoren ustez, EAJ eta PSEren arteko akordio batean “betikoez” ahazten dira, hau da, Gasteiz eta Arabaz eta EAJ eta PSE gasteiztarrei zergak igotzeko ados jarri direla salatu du, “zertarako eta bizkaitar eta gipuzkoarrei inbertsioak ordain diezazkiegun?”. Akordioak Bizkaia eta Gipuzkoarako inbertsioak besterik ez dituela aurreikusten uste du hiriko alkateak eta Donostialdeko metroa, Eibarko ospitalea, Bio-Cruces institutua eta Bilboko metroaren hirugarren linea aipatu ditu besteak beste. Marotoren esanetan, “akordio hau ezin da onartu eta zuzendu behar da, hau ez baita gasteiztarrek eskatzen dutena”.
EAJren eta PSEren erantzunak
Adierazpen hauen aurrean, Gasteizko EAJ eta PSE udal taldeen erantzuna berehalakoa izan da. EAJren bozeramailea Gorka Urtaranek, esaterako, EAJk eta PSEk Eusko Jaurlaritzari egonkortasuna emateko sinatu duten akordioarekin bat egin dezala eskatu dio, “errealitatearekin bat ez datozen jarrera biktimistak baztertuz”. Urtaranen esanetan, “ez da bidezkoa PPk, adierazpen faltsuetan oinarrituta, Gasteizko alkatea erabiltzea lurraldeen arteko gatazkak sortzeko”.
Udal talde sozialistaren bozeramailea Patxi Lazcozek ere Marotoren hitzek “baliorik eta sinesgarritasunik” ez dutela adierazi du. “Udal gobernuan dagoenetik, zerbitzuak murriztu ditu, langabezia tasak gora egin du eta ez da enplegua sortzeko gai izan”, salatu du. Lazcozen ustez, “PSE eta EAJren ituna ekonomia sustatzeko lagungarria izango da”.
EAJ-PSE akordioaren ondorioz gasteiztarrei zergak igoko dizkietela Bizkaiko eta Gipuzkoako inbertsioak ordaintzeko