Hoteletan izandako bidaiari-sarrerek ere %5,9 egin zuten behera Araban. Horrela, Espainiatik etorritako turista kopuruak %11,5 egin du behera abuztuan, atzerritik etorritakoa, aldiz, %2,4. Turistek gurean eman zituzten egun kopurua ere gutxitu dela agerian utzi du Eustatek. Datu baikorra nekazal turismoan aurkitzen dugu; abuztuan %12,1 egin zuen gora turismo mota honek.
Datu kezkagarri hauen aurrean, Gasteizko talde sozialistak turismoaren plan estrategiko berria egitea eskatu du, “turismoaren beherakada kezkagarria” gelditzeko. Izan ere, Bilbon eta Donostian turista kopurua gora egiten duen bitartean, Gasteizen behera egiten du eta 2013ko urtarriletik abuztura 31.254 turista gutxiago izan ditu, hots, %16 gutxiago.
Gauzak horrela, PSEk egoera honi aurre egiteko neurriak zehaztuko dituen plana eskatuko du hurrengo plenoan, “sei hilabeteko epean egoera honi buelta emango dion estrategia berria definituko duena”. Talde sozialistaren esanetan, “azken turismo plana 2007koa da eta geroztik egungo udal gobernuak ez du turismoa bultzatzeko estrategiarik egin, soilik marketin politikoari lotutako ekintza isolatuak aurrera eraman ditu”.
Aurreko abuztuan turismoak behera egin zuen Araban, Eustatek emandako datuen arabera. Gasteizen, esaterako, 3.675 turista gutxiago izan ditugu aurtengo abuztuan. Iazko hilabete berarekin konparatuz, %8,5 gutxitu dira gaualdiak gure lurraldean, Gipuzkoan eta Bizkaian, berriz, gora egin dute.