Teoria eta praktika uztartu nahi ditu Herrietako euskalgintza janzten sakontze ikastaroak eta horretarako, aurrez aurreko saioez gain, tutore mintegiak aurreikusi dira eta lanak ere egin beharko dituzte parte hartzaileek. Gainera, partaide bakoitzak bere ingurune hurbilean baliagarri izango den proiektu bat sortu beharko du formazioaren bukaeran.
Euskaltzaleen Topaguneak eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZIk antolatutako Herrietako euskalgintza janzten sakontze tituluan izena emateko epea zabalik dago irailaren 30erarte. Parte hartu nahi duen orok HUHEZI (943.71.41.57 / kulturgintza@mondragon.edu) edo Topagunera (94.621.57.80 / info@topagunea.org) jo ahal izango du eta bertatik helaraziko zaizkio izen-ematerako bete beharrekoak.
Euskararen gizarte mugimenduan eragiteko edukiez eta baliabideez jabetzeaz gain taldetasuna indartzea eta elkarrengandik ikasteko helburua du ikastaro honek.