Izugarrizko dokumentazio-lanaren ostean eta benetako gertakarietan oinarrituta, eleberri historiko mardula osatu du Edorta Jimenezek. Hizkera ere, oinarrian mendebaldekoa, ezin hobeto egokitzen zaio garaiari eta, zinez, XVI. mendean idatzitako liburua dela pentsaraziko digu. Idazleak oso estilo erakargarria darabil, eta tempo geldoak ez du inolaz ere galarazten kontakizuna bizi-bizia izatea: tentsioa primeran islatuz, geure arreta bereganatuko du. Piztien itsasoa trilogiako bigarrena baita, Sukar ustelaren urtea gomendatzeak, gainera, automatikoki beste liburu bi gomendatzea ere badakar: Baleen berbaroa (1999) izenburudunak, hiruren artean lehenak, Sebastian horraino zelan ailegatu den kontatzen du; Azeria eta lehoia (2007) izenekoak, aldiz, hortik aurrerakoa.
Edorta Jimenez –Omar Nabarro, ezizenez– Mundakan (Bizkaia) jaio zen 1953an. Irakasle eskolako ikasketak egindakoa da, eta lanbide ugaritan aritutakoa: marinel, irakasle, telebista- eta zinema-gidoilari, itzultzaile, kazetari eta idazle. Batez ere eleberria, narrazioa, poesia eta Egin, Gara zein Egunkarirako artikuluak idazteaz gain, haur eta gazte literatura, ipuingintza, kronika, saiakera, biografia eta narrazio erotikoa ere landu ditu. Gaztelaniara eta frantsesera ez ezik, ingelesera, alemanera eta italierara ere itzulita dago. Hainbat sari irabazi ditu (Azkue, Gabriel Aresti eta Julene Azpeitia sariak) eta, egun, idazle-eskolan dabil irakasle. Alaba ere idazlea du: Irati Jimenez.
FITXA TEKNIKOA
Izenburua: Sukar ustelaren urtea
Idazlea: Edorta Jimenez
Argitaletxea: Txalaparta
Urtea: 2004
Orrialde-kopurua: 403
Egilea: Adriano De Mata
"Argiaren azken pausalekua da Lisboa". Halaxe hasten da Sebastian Zubiletakoa izeneko gazte bizkaitarraren kontakizuna. 1558. urtea da, eta Nuestra Señora de las Ánimas, "guk huts hutsik Ánimas generitzon karraka hura", Tajo ibaiko uretara jo beharrean da, hantxe baititu zain Armada Txit Zorionekoaren gainerako ontziak, Errege Filiperen aginduz Ingalaterraren aurkako gerrara noiz abiatuko. Pasaiatik irten, Bizkaia eta Finisterren gaindi Lisboara, eta hortik Coruñara. Horixe kontatzen du liburuak: ibilbide laburra, espazioari begiratuz gero; denbora-tarte horretan, ordea, denetarik biziko dute, bai Sebastianek, bai Ánimas zein beste ontzietako eskifaiek. Horien artean nabarmenena eta beldurgarriena, sukar ustelaren izurria: Heriok betiko eramango ditu zenbaitzuk, eta biziki ikaratuko beste batzuk. Ontziek eurek ere, ekaitzez ekaitz eta porturik portu, direnak eta ez direnak biziko dituzte.