Hirugarren diska duzu Katiuska Gorriak, zer esan artelan honi buruz?
Freskoa, ezberdina, orijinala, landua, goxoa, pop ikutua duela... danetarik esan didate. Diskoa kaleratu nuenetik hamar hilabete pasa dira eta jendearen erantzuna sekulakoa izan da. Nire ustez, grabaketan parte hartu duten musikarien eragina dauka, "Napoka Iria" bikotea eta Pau Alabajos kantautore valentziarra adibidez, abestiak beste eremu eder batera eraman dituzte. Emaitzagaz benetan gustora nago.
Abesti kuttunik diska berrian?
Maitasunez lantzen ditut kantuak eta niretzat grabatutako hamaika abestiak zeozer berezia dute. Bat aukeratzera derrigortzen banauzue... "Berandu" kantua aukeratuko nuke. Bihotzez idatzitako letra delako.
Katiuska gorriak... nondik dator izenburua?
"Katiuska gorriak" armairu barruan gordetako bota zaharrak dira, txikitan putzuetan txipli-txapla ibiltzeko janzten genituen hoietakoak. Oroitzapenei buruz hitz egiteko metafora ederra iruditu zitzaidan eta Juan Luis Azkarate lagunak testu ederra idatzi zuen diskoaren barruko azalerako.
Izan ere, diskan agertzen diren kanta asko nire oroitzapenetan oinarritzen dira: "Aitxitxen bufandie" San Mamesera aitxitxegaz joaten nintzen egunei buruz berba eitxen dau, "Nasdrovia" abestia Euskal Herriko 90 hamarkadan oinarritzen da...
Katiuska gorririk bai umea zinean, beraz.
Amak erakutsi zidan album zahar baten gordetzen zuen argazkia eta hantxe agertzen naiz Eako hondartzan lau urtekin txubaskero urdiña eta katiuska gorriekin neguan jolasten.
Eta, gaurko Josu Bergararen armairuan, ba ote dago halakorik?
Gaur egun katiuskarik ez. Hirian edo herrian kaletik ibiltzeko zapatilak topatukozuz nire armairuan, kontzertuetan ibiltzen dodazan bardiñak, bestela mendiko botak asteburuetarako.
Oholtza gainean beti kitarra soinean duzu. Baina, txikitan beste instrumento bat zenuen lagun, ezta?
Bai! Sei urte inguru eman nituen biolontxeloa ikasten. Aspertu nintzenean, gitarra hartu eta nire kantuak konposatzen hasi nintzen. Egun, kontzertuetan ukelelea ere ateratzen dut une zehatz batzuetan.
Zer suposatu zuen aldaketa horrek? 
Beste bide bat zabaltzeko aukera izan zen, abestiak konposatzeko eta proiektu ezberdina egiteko modua. Nire bizitza betidanik egon da eta egongo da musikari lotuta. Aita pianista izanda gure etxetik musikari asko etengabe pasa dira.
Zer sentsazio eragin nahi duzu kontzertura gerturatzen den jendearengan?
Diotenez, nire kontzertuetan gertu-gertuko musika entzuten da, jendeari sentiarazteko aukera ematen diona. Askok esan didate haien ezkontzetan nire kantuak jarri dituztela edota bizitzaren une latzetan kantu bat entzuten dutela. Parral tabernako kontzertuan Nerea Alberdi bibolinjolea eta biok arituko gara. Kontzertu berezia, hunkigarria eta ezberdina eskaintzen saiatuko gara.
Kontzertura joateko arrazoiak?
Kantautore euskaldun ezberdin baten proiektu berria entzuteko gogoak izatea. Zuzenean, akustikoan, filtrorik gabe, gitarra, ukelelea, bibolina eta kanta xume baina ederrak. Duela hiru aste Bartzelonan eta Gironan ibili ginen eta kontzertu bereziak izan ziren, publikoa txalotzen, parte hartzen, abesten. Antzeko giroa sortzen saiatuko gara.
Datorren asteartean, urriaren 29an, Parral tabernan, GEU kulturak antolatua, arratsaldeko zortzietan, Josu Bergara kantautoreak Katiuska Gorriak diska aurkeztuko du.