Unai Viana: “Urkarock indarberriturik bueltatu da herria hankaz gora jartzeko”

hirinet 2014ko martxoaren 20a

Datorren apirilaren 5ean UrkaRock jaialdia ospatuko da Urkabustaizen, bost urteko geldialdiaren ostean.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Eta inoiz baino indartsuago dator. Governors, Txapelpunk eta ETS  taldeek, besteak beste, osatuko dute kartela. Horrekin batera, musika azoka ere izango da bertan. Honetaz guztiaz Unai Viana jaialdiaren arduradunetako batekin hitz egin dugu.

 

Bost  urteko geldialdiaren ostean Urkarock jaialdia berpiztu duzue. Nola dator aurtengo edizioa?

 

Urkarock jaialdia berriro bizirik badago, horrek esan nahi du Izarran, orain dela zazpi urte elkartu ziren lau musikazale zoro horiek berriro ere gogotsu dabiltzatela eta honen ondorioz herria sutan jartzeko aukera dagoela berriro. Urkarock bueltan dator bai eta Izarra kañaz eta garagardoaz betetzera dator, krestak, hile luzeak eta ia ez direnak horren luzeak, txupak eta botak faltan botatzen genituen eta berriro ere garai horiek iristeko momentua zela uste genuen. Beraz galderari erantzun laburra: Urkarock indarberriturik bueltatu da herria hankaz gora jartzeko.

 

 

Zergatik bost urteko geldiune hau?

 

Egia esan bost urteko geldiunea ez zen nahita egindakoa izan, mundu honetan ibilitako jendeak jakingo du zein zaila den horrelako jaialdi potente bat aurrera atera ahal izatea eta gehiago oraindik Izarra bezalako herri txikitxo batean bada eta kontuan izanda baliabideak minimoak direla. Gurean, beraz, geraatu zen, kasu hauetan gerta zitekeen gauzarik txarrena, apustu gogor bat egin genuen eta galdu genuen, beraz, azkeneko jaialdiaren emaitza oso negatiboa izan zen. Horregatik azken urte hauek dirua berreskuratzen eta indarrak hartzen eman ditugu momentu aproposa iritsi dela iruditu zaigun arte, aukera polita ikusi dugu eta berriro Izarra zarataz betetzea erabaki dugu, oraingoan, espero dugu benetan aurtengoa azkena ez izatea eta hemendik aurrera urtero gure ametsarekin jarraitu ahal izatea.

 

 

Zein talde ikusiko ditugu apirilaren 5ean Izarrako polikiroldegian?

 

Aurten erabaki genuen taldeak zale ezberdinei zuzendutakoak izatea saiatu behar ginela eta nik uste lortu dugula eta gaur egungo euskal musika talde punterotaz gozatzeko aukera izango dugu. Punkyzale amorratuak direnentzat Txapelpunk handiak ekarri ditugu, gure Iñigitoren abesti zoro eta dibertigarriekin eta zuzeneko kañero eta biziarekin haien disko berria aurkezteko. Rockeroagoak direnentzat Governors arrasatearrak, haien estilo bitxiarekin eta zuzeneko potentearekin. Azkenik ska zaleentzat gure E.T.S.-ko lagun handiak, azken urtean gazte talde erreferente bilakatu dena eta Euskal Herri osoa dantzan jarri zuenak "Hacia la luna" diskoarekin, gainera hauek ere CD-a aurkeztuko dute Izarran eta ziur jende asko horren zain egongo dela. Azkenik talde gonbidatu bezala Astalapo urkabustaiztarrak izango ditugu, hauek ere haien lan berriaren aurkezpena egingo dutelarik eta horren ezagunak ez diren arren sorpresa askorekin eta kaña sartzeko gogo izugarriekin datozenak, gainera etxekoak izanda, ziur inor ez dutela damutuko. Ez zalantzarik izan mereziko duela Izarrara hurbiltzea egun horretan.

 

 

Kontzertuez gain, Urkazoka musika azoka antolatuko duzuen. Zertan datza azoka hau?

 

      Urkazoka bai, hasiera batean ideiatxo tonto bat bezala  besterik ez genuen bota hau baina berehala konturatu ginen oso egitasmo polita izan zitekeela eta honekin aurrera egitea erabaki genuen, ilusio handiz. Azokaren helburu nagusia, musika munduan murgilduta dagoen guzti horri bere lana aurkeztu eta promozionatzeko aukera eskaintzea soilik ez da, horretarako guk partaide guztiei txoko txiki bat eskura jarriko diegu haiek leku hori nahi duten moduan gestionatu ahal izateko, haien materiala nahi bezala saldu edo erakusteko. Honetaz aparte azoka ahalik eta dinamikoen izateko momentu oro jendeak gozatu ahal izango du erakustaldi ezberdinetaz, zuzeneko kontzertutxoak, elkarrizketak edo talde famatuen hitzaldiak bezala eta nola ez gonbidatu berezi asko egongo dira partaide guztien gozamenerako. Azokak arratsaldeko 5etan irekiko ditu ateak eta 4 orduko iraupena izango du bakarrik, horregatik oso egitarau intentsiboa izango da, inor aspertu ez dadin eta momenturo zerbait ikusteko aukerarekin. Hau bai dela ideia berriztatzaile bat urtero gehiagora joatea espero duguna. Informazio gehiago Facebook-en topa dezakezue.

 

 

Jaialdia Fracking-aren kontrako aldarria egiteko leku bilakatuko duzue. Zergatik?

      Fracking-aren kontua ez da ezer berria guretzat, honez gero, eta egia esan aspaldi erabiltzen ditugu herrian antolatutako jaialdi guztiak fracking-aren kontrako aldarrikapen gisa, ez dugu asmorik, dena den, egun horretan bertan ekitaldi berezirik antolatzeko, baina badakigu egun berezia izango dela eta balitekeela kanpoko jende nahikotxo etortzera animatzea, horregatik Fracking-aren kontrako ikurrak ikusgai egotea nahi dugu momentu oro inor ez dadin geratu ezjakintasunean eta inork ez dezan zalantzarik izan gai honetaz ez garela inoiz ahazten, asko kezkatzen gaituelako eta aurrera ateraz gero oso arriskutsua izan daitekeelako gure herriaren etorkizunari begira. Musika aldarrikapenerako bide bat dela uste dugulako egun honetan ere Fracking-aren kontrako oihua botako dugu: Ez dugulako nahi!! Ez hemen!! Ez inon!! FRACKING EZ!!

Anima zaitezte denak Apirilak 5ean Izarrara etortzera!! Ez ahaztu!! Urkarock jaialdia bizirik dago berriz!! eta geratzeko bueltatu da, baina denon laguntza behar dugu horretarako!!

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago