Aste honetarako prestatu duten programazioaren oinarriak bi izango dira. Batetik, Gasteizko Mugikortasun eta Eremu Publikoaren plana, hiriaren mugikortasun eredu berria zehazten duena eta eremu publikoan eta hiritarren mugitzeko moduan eragin zuzena duena. Bizikleten gaineko ordenantza berria, 30 eremuak eta garraio sarearen handitzea dira aipatutako planari esker garatzen ari diren hainbat ekintza. Bestalde, iaz ospatu zen Green Capitalak ere presentzia izango du programazioan.
Hiriko industrialdeetara bizikletaz joateko gomendioak eta laguntza, ibilgailu elektrikoak kargatzeko erakustaldiak, hiriguneetan bizikletaz segurtasunez ibiltzeko eta bizikidetza sustatzeko ikastaroa, tranbiaren kotxetegietarako eta haren kontrol-sistemetarako bisitaldi gidatuak, ‘Eskolara autorik gabe’ jardunaldiak, 30eko eremuak bizikletaz egiteko deialdia Gasteizko Bizikleteroen eskutik, Olagibelgo VI. bizikleta-martxa edo "Hiria nire autorik gabe" jardunaldia dira aste osoan zehar eskainiko diren ekintzak.
Programa osoa: Europako Mugikortasun Astea Gasteizen
‘Mugi zaitez aire garbiagoren alde’ lelopean Europako Mugikortasun Astea ospatuko da Gasteizen, irailaren 16tik 22ra bitartean. Hiritarren inplikazioa sustatzea du helburu, airea hobetzeko ahalmena dutela gogoraraziz, besteak beste, erabiltzen duten garraioaren aukeraketa egokiarekin. Horrela, tranbia, bizikleta, kotxe elektrikoa eta autobusa protagonistak izango dira.