Polakoak

hirinet 2013ko irailaren 16a

viacatalanaLasai, lagun hori!! Oraingo honetan ez dugu Poloniaz hitz egingo. Hemendik ez dira Lech Walesa, Aita Santua izandako Karol Wojtila, Maria Slodowska-Curie zientzialari ospetsua  edo Kosciuszko bezalako gerlari mitikorik agertuko. Ez ditugu, ezta ere, Krakow (Cracovia), Warzsawa (Varsovia) edo Baltiko itsasoaren ertzeko Gdansk (aintzineko Danzig) hiri historikoak bisitatuko. Polonieraren kontsonante ahoskaezinak (guretzako, noski…) botatzeko ahalegina ere saihestuko dizuegu.

Izan ere, askoz gertuago geldituko gara: aspaldi honetan pil-pilean dagoen Catalunyan, alegia… edo “Polonia”, espainiar askoren aburuz. Bai, “polacos” esaten ohi diete batzuek katalanei. Eta, izenorde bitxi honen jatorria bilatzerakoan, oso anitzak dira topatzen ditugun azalpenak.


Gehienek diote gerra garaietan sortu zela. Adibidez, batzuek diote 18. mende hasierako Espainiar Ondorengotza Gerran, Borboitar Armada Catalunyara sartzean, aurre egin zioten lehenengo batailoiak poloniarrez osaturik omen zeudela, eta harrezkero zabaldu zela goitizena katalanak izendatzeko. Beste batzuek Espainiar Gerra Zibilaren testuinguruan kokatzen dute abiapuntua, 1939ko irailean Naziek gauzatu zuten Poloniaren inbasioarekin lotuta, menpekotasun adierazle gisa.


Nolanahi ere, badirudi bi ezaugarri nagusi biltzen direla ezizen iraingarri honetan: zekenkeria (gogoratu Nazien “Holokausto”-ra arte milioika judu bizi zirela Polonian, eta duela hainbat mendetatik hona zekenak edo xuhurrak izatea leporatu zitzaiela Europa osoan zehar) eta, bereziki, Espainiarrentzat ulertezina omen den berezko hizkuntzarekiko atxikimendu sendoa. Gogoratu bestela erdaldun batzuentzat, antza, “Josep Lluis” ahoskatzea ezinezkoa dela, edo Catalunyara joaten diren bakoitzean lehenengo hitza (eta batzuetan hurrengoak ere….) katalanez entzuteak eragiten dizkien amorrua eta ezintasuna…. polonieraz hitz egingo baliete bezala!!


Antza denez, polakoak menpekotasunean, arrazakerian eta nagusikerian oinarritutako harreman bati eusteak merezi ez duela ohartu dira, eta bere bideari ekin diote. Denborak esango du Espainiar harresiaren kontra egiten dutenean jausteko gai diren edo, azkenean, kikiltzen diren… baina, bitartean, bejondeiala!!


Eta gurean zer? Zergatik euskaldunoi ez digute antzeko goitizenik jarri? Baliteke, nahi izango balute ere, lehenengo hitza euskaraz jasotzeak lan nekeza egingo zitzaielako … badakizue, euskaldunok oso adeitsuak izan gara beti, batez ere kanpotik etorritako menperatzaileekin. Edo agian sekula santan hemen armadarik sartu ote den ere ez dakigulako…. bai, hitzartua izan zen guztia.


Edmund Burkek (1729-1797) esan zuen bezala, “muga bat badago, eta harrez geroztik tolerantziak bertute izateari uzten dio"… honi jaramon egiteak irainak jasotzea eragiten badu ere!!


 

Egilea: Iñigo Larramendi

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago