2005ean aipatutako enpresak (Lanbide eta Escor enpresekin batera) Gardelegiko hondakinen planta eraikitzeko eta 15 urtez kudeatzeko lehiaketa publikoa irabazi zuen, SUFIk %50 zuela. Lehiaketara bost enpresa aurkeztu ziren eta SUFIren enpresen batasuna gailendu zen, beste lau enpresek ez baitzuten puntuazio ekonomikoa gainditu.
Alderdi sozialistaren arabera, SUFIk diru publikoa desbideratzeko erabili ohi zuen gidoia Gasteizko kasuan ere erabili zuen. Horrela, susmopean dagoen enpresak 330.600 euro ordaindu zizkion NIGE enpresari (Gurtel kasuan inplikatuta dagoena), Gardelegiko plantaren lizitazioan aholkulari lanak egiteko.
Horrez gain, 2007an hondakinen plantaren tarifak igotzea onartzen duen txostena agertu ez ezina kritikatu du PSEk. Abuztuan dokumentazioaren kopia bat eskatu zioten udal gobernuari baina oraindik ez dutela ezer jaso salatu du.
Honen aurrean, udal gobernuaren erantzuna berehalakoa izan da. Gurtel auzian Gasteizko Udalaren aipamenik ez dagoela adierazi du. “300.000 euroko ordainketa hori bi enpresa pribatuen arteko eragiketa bat izan zen eta hortaz, ez dauka zerikusirik udalarekin”, adierazi du idatzi baten bitartez. Halaber, udalak informazioa ezkutatu izana gezurtatu du. Txostena abuztuan eskatu zutela adierazi du eta teknikaria oporretan zegoenez ez zuten sozialisten eskaerari erantzun, baina orain informazioa emango zaiela argitu du. Izan ere, udalak atzo jarri zuen txostena eskuragarri bere web gunean.
Gasteizko Udaleko PSEk salatu bezala, udalak Gurtel auzian inplikatuta dagoen Sufi enpresari kontratu bat esleitu zion, Alfonso Alonso hiriko alkatea zen garaian. Aipatutako Sufi enpresaren jabeak Rafael Naranjo eta bere semea Gonzalez Naranjo dira, Gurtel kasuan inplikatuta daudenak, hain zuzen.