Zabor organikoa jasoko duen edukiontzi marroia Gasteiz osora zabalduko da udazkenean

hirinet 2013ko irailaren 12a

edukiontzi_marroiaUrrira bitartean zabor organikoa biltzeko 355 edukiontzi marroi berri jarriko ditu udalak hiriko 21 auzo ezberdinetan eta horrekin batera, edukiontzia behar bezala erabiltzeko informazio kanpaina abiaraziz.

Txagorritxu, San Martin, Koroatze, Gazalbide eta Lovaina auzoetan hasiko dira edukiontzia jartzen eta ondoren, eta urrira bitartean, Armentia, Ariznabarra, Mendizorrotza, San Kristobal, Pilare, Zaramaga, Anglo, Aranbizkarra, Betoñu, Arana, Arantzabela, Santiago, Judimendi, Santa Lucia eta Adurza auzoen txanda izango da.


Azken fase honekin Udalak 2010ean hasitako bidea amaituko du eta guztira, 527 edukiontzi marroi izango ditu hiriak. Udalak emandako datuen arabera,  materia organikoaren bilketa urtero gora doa eta 2011an 251 tona inguru bildu zituzten FCCko langileek.  

Hondakinen banaketa modu egokian egite aldera,  informazio kanpaina abian jarriko du Gasteizko udalak, gizarte-etxeetan, osasun zentroetan eta merkatal guneetan. Horrez gain, hiritarrek esku-orriak jasoko dituzte etxean eta udalaren web gunean ere informazioa eskura izango dute.


Hauek dira edukiontzi marroira bota behar diren hondakinak: jatorri begetala (loreak, fruta, barazkiak, …) edo animali jatorria dutenak (arraina, haragia, arrautzak, maskoten ilea, … ), ogia, kortxozko tapoiak, eta abar.


Zabor organikoaren edukiontzian bildutako hondakinak ez dira Gardelegiko zabortegira bidaltzen eta konposta egiteko erabiltzen dira.


Informazio gehiago: Materia organikoa

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago