TopaEguna ospatuko dute euskaltzaleek irailaren 28an Soraluzen

hirinet 2013ko irailaren 12a

TOPEGUNA_irudiaIrailaren 28an Soraluzen ospatuko den TopaEguna aurkeztu dute Soraluzeko Pil-Pilean euskara elkarteak eta Euskaltzaleen Topaguneak. TopaEguna Euskaltzaleen jaieguna izatea nahi dutela azpimarratu dute antolatzaileek. Egunak, euskaltzaleen ekarpenaren eskertze eta aldarrikapena izan nahi du, baina baita ospakuntza ere, Euskal Herri osoan zehar, elkarteetan antolatuta dauden euskaltzaleen festa eguna, elkar ezagutza eta trukerako eguna.

 

TopaEguna ospatzeko Soraluze aukeratu izana ez da kasualitatea izan. “Izan ere, Deba bailarako euskaltzaleak aitzindari izan dira beti euskara elkarteen mugimenduan eta oraingoan ere, Deba ibaitik egin diote Euskal Herri osoari bertaratzeko gonbitea”, azaldu du Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak.


Egitarauak adin guztientzako eskaintza izango duela azpimarratu dute antolatzaileek. Eguneko ekitaldi nagusia arratsaldeko seietatik aurrera egingo da, bertan Euskal Herri osoko euskaltzaleen topaguneetako ordezkariek parte hartuko dutelarik. Hortaz gain, aisialdiko eskaintza (umeen hiria, hezitzaileen jolasak, berbaprobak, Irrien Lagunak,…), kultur eskaintza (Xero Xiette taldearen erromeria, Kokein eta Gose taldeen kontzertua, bertsolariak, andrabanda feminista,…) eta herri bazkaria antolatu dira. Gainera, Jon Sarasuak irailaren bukaeran argitaratuko duen liburu berriaren aurkezpena egingo du Kultur Etxean.


Euskal Herriko Euskaltzale guztiei egin diete dei antolatzaileek irailaren 28an Soraluzen bildu daitezen.

 


TopaEguneko egitaraua

11etan: Harrera

12etan: Liburu aurkezpena (hitzaldia): Jon Sarasua

Goizean zehar:

Umeen hiria

Berba probak

Andrabanda feminista

Kantu Jira

Puzgarriak

14,30ean: Herri bazkaria

Bazkalostean:

Irrien Lagunak

Kultur Gindak

Hezitzaileen arteko jolasak

Kalejira

18,00etan: Ekitaldi nagusia

19,00etan: Xero Xiette taldearekin erromeria

22,30ean: Kokein + Gose

 

TOPEGUNA_KARTELAHANDIA

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago