Frankismo garaian preso egona bederatzi urtez, gogor torturatua 1968an, frankismoaren aurka borrokan jarraitzen zuela hil da Sabin Arana. Gazterik militantzia politikoan hasia, ETA VIko kide zela atxilotu zuten, 1968an. Lau egun egin zituen atxilotuta, eta tortura latzak jasa ostean, bederatzi urte egin zituen preso, 1977ko amnistiarekin atera zuten arte
Euskararen alde ere gogor egin zuen lan Aranak. Esan bezala, GEU GASTEIZ aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen eta HABEko zuzendaria eta Iraleko irakaslea izan zen.
Azken urteetan frankismoaren aurkako jardunean ari zen buru-belarri. Iaz, Goldatu elkartea sortu zuen beste hainbat kiderekin. Frankismoan errepresaliatutako pertsonek osatu zuten elkartea. Frankismoa ikertu eta auzitara eramateko Argentinan irekia dagoen auzibidean zuzenean esku hartu du. Iaz Argentinara joan zen, esaterako, Maria Servini de Cubria epailearekin biltzeko. Duela hilabete gutxi arte jarraitu du Goldatu elkartearen bozeramaile lanak egiten.
Iturria: Berria
Frankismo garaian preso egona, euskaltzalea, abertzalea eta langileen eskubideen alde aritutako Sabin Arana Bilbao (Sestao, Bizkaia, 1944) Gasteizen hil da. Arana GEU GASTEIZ aldizkariaren sortzaileetako bat ere izan zen 90.hamarkadan. Azkeneko urteetan Francoren diktadura zigorrik gabe ez gelditzeko lanean ari zen, Goldatu elkartean.