Udalak aho batez deitu du manifestazioa Garoñaren kontra

hirinet 2013ko ira. 11a, 08:57

udala-plaza-berritikDatorren irailaren 21ean, berriro ere, Garoñaren behin betiko itxiera eskatzeko kalera irtengo dira gasteiztarrak. Ezbairik gabe, hitzordu garrantzitsua izango da, izan ere, manifestazioa Udalak berak deitu du. Manifestazioa irailaren 21ean, larunbatean, 18.30etan abiatuko da Bilbo plazatik eta plaza Berrian bukatuko da.

Maiz gertatzen ez den bezala, Gasteizko udalean dauden alderdi politiko guztiek bat egin zuten. Modu honetan, PPk, PSEk, EAJk eta EH Bilduk, aho batez, iragan ostiraleko osoko bilkuran onartu zuten ekainaren 24ko mozioan jaso zena betetzeko asmoz.

Javier Marotok manifestazioaren deialdiaren berri eman zuen irailaren 9an eta ez zuen bere presentzia konfirmatu, bere esanetan, "protagonismoa gasteiztarrena delako". Era berean, irailaren 16an gainontzeko udal talde politikoen txanda izan zen eta EH Bilduko Kike Fernandez de Pinedok, EAJko Gorka Urtarenek eta PSEko Patxi Lazcozek manifestaziora joateko deialdia egin zuten prentsaurrean. Adierazi zutenaren arabera, manifestazioaren buruan zentral nuklearraren kontrako plataformak eta eragileak joango dira eta horren atzean kokatu dira politikariak.


Ustiapen baimena agortuta, uztailaren 6an ateak itxi zituen zentral nuklearrak. Oraindik, Garoñaren behin betiko itxiera, ordea, ez dago guztiz bermatuta, berriro martxan jartzeko aukerak ez baititu Espainiako Gobernuak guztiz baztertzen.


Irudia: Gasteizko Udala

 

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide