Ikasturte berria eta Zadorra AEK Euskaltegiaren 5.urteurrena aurkeztu ditu Gasteizko AEK-k

hirinet 2013ko ira. 10a, 13:55

aek_zadorraeuskaltegiaGasteizko AEK-k ikasturte honetarako egiten duen eskaintza akademiko eta kulturala aurkeztu du eta horrekin batera, datorren larunbatean Zadorra AEK Euskaltegiaren 5. urteurren jaia aurkeztu du.

Aurtengo eskaintza akademikoari dagokionez, urritik ekainera euskara ikasteko makina bat aukera eskaintzen dituztela azaldu dute arduradunek, Lakuan, Aranan zein Judimendin. Euskara maila guztiak, titulu homologatuak lortzeko ikastaroak, autoikaskuntza eta taldeentzako ikastaro bereziak, hain zuzen ere.


 

Hainbat ordutegi izango dira aukeran, goizez zein arratsaldez, asteko egun guztietan eta, gainera, matrikulatzeagatik soilik, doan jasotzen da AIZU! aldizkaria.

“Euskara ikastea errazagoa izan dadin jarraitzen dugu lanean, instituzioen eta gizarte osoaren aurrean helduen euskalduntzeak euskararen berreskurapen eta biziberritzerako duen garrantzia aldarrikatuz. Honela, udal diru laguntzek jarraitzen dute eta, horrez gain, dagoeneko HABEren euskara-mailak eskuratu dituztenentzako diru  laguntzak  berreskuratu dira”, azaldu dute arduradunek.

Gasteizen ez ezik, Arabako AEKk Zuian, Lautadan (Agurainen, Araian eta Dulantzin), Trebiñun eta Aiaran (Laudion eta Amurrion) ere matrikulazioa  zabalik dago.


Egingo al dugu? Gasteizko AEKren kultur programa


Eskaintza akademikoarekin batera, Egingo al dugu? kultur programa eskainiko du Gasteizko AEK-k. Arduradunen esanetan, programa “euskara ikasle eta euskaldun orori euskarazko kultur eskaintza anitza eskaintzeko gogoz sortu zen, eta helburu berari eutsiko diogu aurten ere. Eskaintza honen barruan kokatzen ditugu neguan eta udaberrian egiten ditugun barnetegi txikiak eta ikasturte osoan zehar burutzen diren gai  desberdineko tailer eta hitzaldiak”.


Hiriko gizartetxe, auzo elkarte eta ostatu askotan burutzen dira eta, ikasleentzako ez ezik, gasteiztar euskaldun guztioi zuzenduak dira. Musika, kirola, gastronomia, ikusentzunezkoak, bertsolaritza, literatura etabar izaten dute ardatz eta aurten aurreratu duten moduan, Karmele Jaio idazlea eta Edorta Lamo sukaldaria izango dituzte, besteak beste.

Kontzertuak, diaporamak eta zineforumak ere antolatuko dira ekainera arte iraungo duen egitarau oparo honetan.


Zadorra AEK euskaltegiaren 5.urteurren jaia


Azkenik, Zadorra AEK euskaltegiaren 5.urteurrena ospatuko du aurten euskaltegiak. Ospakizuna irailaren 14an izango da., 11:00etan euskaltegian. Ondoren Zumaia plazara mugituko da festa,  Kidamen magiaz, dantza plazaz, gargantuaz... gozatzeko.

 

 

 

 

aekzadorra_urteurrena

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide