Uda aurretik animatu ninduten Hirinet-en parte hartzera. Erakargarria iruditu zitzaidan proposamena hasieratik, baina hamaika galdera etortzen zitzaizkidan burura. Zeri buruz idatzi dezaket nik? Ez dut irakurleen interesa piztuko duen ezer esatekorik. Ez dut gainontzeko kolaboratzaileek bezain ondo idazten. Akatsak egingo ditut… Beldurra eta lotsa, balantzaren alde batean.
Ez dit lotsarik ematen ondo ezagutzen nautenek nik idatzitakoa irakurtzeak: haiek badakite nolakoa naizen. Bestalde, ez zait gehiegi axola ezagutzen ez nautenek zer pentsatuko duten. Baina onartu beharra daukat gutxi ezagutzen nautenek zer iritziko kezka badudala. Gutxi dakite niri buruz eta idatziko ditudan lerro eskas horiekin batek baino gehiagok epaituko al nau, niri buruzko aurreiritziren bat hartuko al du…
Balantzaren bestaldean, esku-hartzea. Oso egitasmo polita iruditzen zait Hirinet eta hasi zenetik jarraitu ditut bertan agertu direnak. Eta halakoak ondo ibiltzeko, badakit parte-hartzaileak behar-beharrezkoak dira.
Azkenean, ikusten duzuenez, laguntzeko gogoa beldurra eta lotsa baino gehiago izan da, eta erabakia hartu dut: irakurle soilaren rol erosoa utzi eta lan pixka bat egingo dut nik ere egitasmo honen alde, eta hilean behin zer edo zer interesgarria idazten saiatuko naiz. Hurrengora arte!