Euskara ikastaroetan izena emateko epea IRAILAren 15era arte zabalik

hirinet 2013ko ira. 3a, 16:31

euskara-klaseak IRAILAren 15era arte duzue udal euskara ikastaroetan izena emateko aukera.

Ikastaroak seme-alabak eskoletan dituzten gurasoei, aitona-amonei, merkatari zein ostalariei eta atzerritarrei zuzenduta daude. Iazko datuak kontuan hartuta, aurten ere 800 pertsona inguruk izena ematea aurreikusi du Euskara Zerbitzuak.

Euskara ikastaroen inguruko informazio gehiago: www.vitoria-gasteiz.org

Iaz, gurasoen taldea izan zen jendetsuena. Guztira, 53 talde eta 700 pertsona izan ziren ikastaroetan. Gizarte etxeetako herritarrei laguntzeko bulegoetan eman ahal da izena. Aurten bada berrikuntzarik, izan ere, ikasle ohiak diren gurasoek web orriaren bidez eman ahalko dute izena txandaka ikasi behar ez badute. Irailaren 15an amaituko da izena emateko epea.

Gurasoentzako euskara ikastaroek euskararen oinarrizko mailako ezagutzak lortzea dute xede, familian komunikatzeko eta seme-alabei eskolako ikasketetan laguntzeko bidea emateko. Aiton-amonentzako ikastaroak, aldiz, lehen mailakoak eta aldez aurretik ikastarorik egin ez eta euskara ikasten hasi nahi duten 55 urtetik gorakoentzat dira. Bilobekin harremanak euskaraz izateko gaitasuna emango dieten oinarrizko maila eskuratzea dute xede.  Lehen maila egin ondoren, bigarren maila egiteko aukera izango dute.

Atzerritarrentzako programak murgilketa linguistikorako ikastaroak eskaintzen dizkie euskara ikasten hasi nahi duten atzerritarrei.  Gizartea hobeto ezagutzen lagunduko dieten gaiak landuko dira. Azkenik, ostalari eta merkatarientzako programak hastapen ikastaroak hartzen ditu bere baitan, arlo horietan diharduten pertsonak bezeroekin euskaraz hitz egiteko motibatu eta animatzeko. Ahozkoa lantzeaz gain, saltokiari buruzko informazio idatzia euskaraz prestatzeko gaitu nahi dira ikasleak.

Argazkia: Gasteizko Udala

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide