Euskaraz aritzeko gazteen bila dabil Gasteizko Mintzalaguna

hirinet 2014ko mar. 12a, 14:10

Gasteizko Mintzalagunak GAZTELAGUNA sarea indartu nahi du.

 

Hori dela eta, euskaraz aritzeko gazte motibatu eta ausarten bila dabil, Gasteizen bizi edo ikasten duten 18 eta 28 urte bitarteko gazteen bila, hain zuzen ere. Gasteizko gazteen artean lautik hiru euskaraz dakiela diote azken datu soziolinguistikoek, hala ere, horietatik gutxi batzuk soilik mintzatzen dira euskaraz. Hamaika arrazoi egon daiteke: lotsa, gaizki egingo duten beldurra, ohitura falta... eta guzti hauei aurre egiteko GAZTELAGUNA egitasmoa aukera ona izan daiteke gazte askorentzat.

 

GAZTELAGUNA mintzapraktikaren aldaera da, 18 eta 28 urte bitarteko gazteak elkartzen dituena. GAZTELAGUNA egitasmoan parte hartzen duten gazteak astean behin elkartzen dira, gutxienez, ordu betez, modu informal batean euskaraz aritzeko taberna batean edota kirola egiten duten bitartean.

 

Euskara praktikatzeko interesa duten gazteek www.gasteizkomintzalaguna.com webgunean topatuko dute izena emateko fitxa. Urteko kuota 15 eurokoa da. Datuok bete ostean, mintzalaguneko teknikariak jarriko dira beraiekin harremanetan mintzapraktika talde bat proposatzeko. Euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila izatea (B1.2 edo baliokidea) da bete beharreko baldintza bakarra.

 

Datorren ostegunean, hilaren 13an, “Bilatzen da”  GAZTELAGUNAren kanpaina berria aurkeztuko da. Iluntzeko 20.30ean, Gora tabernan (San Frantzisko Xabier kantoian), GAZTELAGUNA iragartzeko promozio bideoa estreinatu eta gaztelagun talde batekin grabatutako bideo informatibo laburra aurkeztuko da.  Era berean, Hirinet.net atariak martxan jarritako BloGazte lehiaketaren sari banaketa egingo da, eta ostean, SEI URTE musika taldeak zuzenekoa eskainiko du.

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide