Non dago gure euskara?

hirinet 2013ko irailaren 3a

festval-kartela-2013Jakingo duzuenez, irailaren 2tik 7ra FesTVal izeneko telebista jaialdia ospatuko da Gasteizen. Jaialdiaren informazio gune batekin topo egin eta informazioa eskatzera joan naiz. Zoritxarrez,  eskuorriak  gaztelania hutsean zeudela erantzun didate. Gaztelaniazkoarekin konformatu behar izan naiz eta begiradatxo bat eman diot. Orduan, beste gauza batez ohartu naiz… Arazoa ez da eskuorriak gazteleraz bakarrik daudela, eskaintzen den guztia ere ia hizkuntza berean dagoela baizik!

Euskarari ematen zaion tarte bakarra Plaza Berrian ETBk aurkeztuko duen haurren programazioa da. Nola izan daiteke EITB anfitrioitzat duen jaialdi batean euskararen presentzia ume txikiei mugatzea? Hori gutxi balitz, programazioa Espainiar Estatuko telebista kateetan zentratzen da: Espainiako telesail garrantzitsuei (euskaraz telesailik ez balego bezala)  eta saskibaloiko espainiar selekzioari berriro ere protagonismoa emanez Cuatro kateari esker . Izan ere, Mediaset taldeko kate honek pantaila erraldoi bat jarriko du “no hay dos sin tres” esaldiarekin jarraituz. Gasteiztarrok argi erakutsi genuen gure ondoeza duela hiru urte milaka eta milaka pertsona batu ginenean argi eta ozen aldarrikatuz guk badugula gure selekzioa eta ez dugula inposaketarik nahi.


Hortik aurrera informazio gehiago lortzen saiatu naiz web orrira sartuz. Nola ez, hemen ere den-dena gaztelaniaz. Web orriko kontaktuaren bidez nire ezinegona helarazi diot jaialdiaren zuzendariari.


Beraz, kexa honen bitartez Gasteizko Udalari eta Arabako Foru Aldundiari babesle eta ko-babesle diren heinean  gasteiztar eta arabarrok merezi ditugun hizkuntza eskubideak  bermatu ditzatela eskatu nahi diet eta euskarazko telebistak eta Euskal Telebistak merezi duen esparrua izan dezala.


Egilea: Mitxel Elortza

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago