Memoria kolektiboaren horma-irudia gorpuzten

hirinet 2013ko ira. 2a, 12:18

zaramaga-murala-fatxadaGasteizko Ibilbide Muralistikoak (IMVG) 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren memoria bizirik mantenduko duen horma-irudi erraldoiaren proiektuari ekin dio dagoeneko. Alde Zaharreko hormak atzean utzi eta San Frantzisko elizaren plaza ondoan kokatuta dagoen bederatzi solairuko eraikina hartu du Ibilbide Muralistikoak.

Proiektua bi zatitan banatzen da: sorkuntza eta produkzioa. Gaur hasi dira sorkuntza lanetan eta bi astetan zehar horma-irudi erraldoian zer margotuko den eztabaidatuko dute. Prozesu parte-hartzailea da eta margolari taldea 30 lagunek osatuko dute, tartean Javier Hernandez Landazabal artista gasteiztarra eta Veronica Werckmeister muralista.


Lehendabiziko fase honetan, gainera, gaira hurbiltzeko jardunaldi irekiak antolatu dira. Bihar bertan, irailaren 3an, Tour Memoria egingo da auzoan zehar, Martxoak 3 elkartearen gidaritzapean. Asteazkenean, aldiz, eztabaida irekia izango da Amparo Lasheras, Juantxo Estebarantz eta Zigor Olabarriarekin. Aste honetan ere, zehazki ostegunean, Belfasteko Unibertsitateko Justizia Trantsizionalaren Institutan irakaslea den Bill Rolstonek Ipar Irlandako  muralen inguruko hitzaldia eskainiko du. Eta azkenik, irailaren 10ean, Bakeola elkarteak giza eskubideen inguruko jardunaldia antolatu du. Datozen egunotan izango diren ekintza hauetariko batzuetan parte hartzaile kopurua mugatua izango da, beraz, beharrezkoa da aurretik izena ematea info@muralismopublico.com helbidean.


Segidan, mural erraldoiaren proiektuaren produkzio faseari ekingo diote. Aurreikusitakoaren arabera, margolariak irailaren 16tik urriaren 11ra igoko dira bederatzi pisuko aldamioetara memoria kolektiboaren horma-irudia erraldoia guztiz gorpuzteko.

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide